HISTORIA

Demokrazia Espainian

Franko hil eta urte eta erdi geroago, 1977.eko ekainaren 15ean, herritarrak botoa ematera deitu zituzten. Hauteskunde horiekin diktaduraren tunel luzetik irten eta demokrazia ezarri zen.

Eboluzio politikoa

Oro har, Estatu Espainiarraren azken urteotako eboluzio politikoa hiru etapa nagusitan laburbil daiteke:

  • Unión de Centro Democrático (UCD) alderdiaren aldia: UCDren agintaldian Estatu espainiarrean sistema demokratiko berria finkatu zen. UCDko aurreneko presidentea Adolfo Suarez izan zen (1977-1981), eta Leopoldo Calvo Sotelok jarraitu zion (1981-1982). Calvo Soteloren kargu-hartze ekitaldian, 1981eko otsailaren 23an, Antonio Tejero Molina teniente koronelak, 200 guardia zibilekin batera, huts egin zuen Estatu-kolpe batean parte hartu zuen.
  • 1982-1996: Partido Socialista Obrero Español (PSOE) alderdiaren aldia: 1982ko hauteskundeetan PSOEk garaipena lortu zuen; 1936tik ezkerreko alderdi batek irabazten zuen lehenengo aldia zen. PSOEk beste hiru legegintzalditan lortu zuen garaipena: 1986an, 1989an eta 1993an. Gobernu sozialista horietako presidentea Felipe Gonzalez izan zen.
  • 1996tik aurrera: Partido Popular (PP) alderdiaren aldia: 1996ko martxoaren 3an egin ziren hauteskundeetan Alderdi Popularrak irabazi zuen, Jose Maria Aznar buru zela. 2000. urtean PPk berriro irabazi zuen, erabateko gehiengoa lortuz.

Autonomien Estatua

Demokraziaren ezaugarri aipagarrienetako bat autonomia erkidegoetan eratutako estatuaren antolamendu administratiboa da, eta hori dela eta, Autonomien Estatua deitzen zaio. Prozesu autonomikoak aurkari asko izan zituen hasiera batean, frankismotik hurbil zeuden elementuek Espainiaren batasuna mehatxatu egiten zutela uste baitzuten. Halere, herrialdeko eskualde guztiak beren autonomia-estatutuak onartuz joan ziren 1979tik 1983ra bitartean (Ceutak eta Melillak 1995ean). Estatu Espainiarrean hamazazpi erkidego daude eta bi hiri autonomo (Ceuta eta Melilla). Bakoitzak gobernu-organo hauek dauzka:

  • Legebiltzarra.
  • Gobernu Kontseilua.
  • Auzitegi Nagusia.

Gobernu autonomo bakoitzaren konpetentziak bere estatutuaren eta Gobernu Zentralarekiko akordioen araberakoak dira.

Euskal Autonomia Erkidegoa

Demokrazia ezartzearekin batera Euskadik bere erakundeak martxan jarri zituen. 1977an Eusko Kontseilu Nagusia osatu zen, Ramon Rubial sozialista buru zuelarik, eta 1979an Leizaola lehendakaria erbestetik bueltatutakoan botereen aldaketa egin zen. Euskadin 1978ko abenduaren 6an egindako erreferendumean ez zen Konstituzioa onartu; euskaldunek atzera bota zuten, ez baitzituen euren helburuak asetzen. Handik denbora gutxira, berriz, 1979ko urriaren 26an, herritarrek Autonomia Estatutua onartu zuten. Euskadi, Katalunia, Galizia eta Andaluziarekin batera, erkidego historikotzat hartu zuten, bigarren Errepublikan indarrean zegoen estatutu autonomikoa izan zutelako edota bideratzear zegoelako. Ibilbide demokratikoaren lehenengo hamarkadan, Euskadi bere identitate sinboloak, bere bandera eta hizkuntza bereganatuz joan zen. 1980an Ertzaintza sortzeko lehenengo pausoak eman ziren eta bi urte beranduago polizia autonomoa kalean zegoen; bestalde, Eusko Jaurlaritzak Kontzertu Ekonomikoa hitzartu zuen Madrilgo Gobernuarekin.

Urte horretan bertan, martxoaren 3an, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin ziren eta apirilaren 9an Carlos Garaikoetxea lehendakari izendatu zuten. 1982ko maiatzaren 8an, Udal-hauteskundeak eta Batzar Nagusietarako hauteskundeak izan ziren eta bertan Euzko Alderdi Jeltzalea lehenengo indar politikoa izan zen. Baina 1984an EAJren barnean izandako krisi sakonak Carlos Garaikoetxea lehendakariaren dimisioa ekarri zuen eta Jose Antonio Ardanza izendatu zuten lehendakari. Zatiketaren ondoren, Eusko Alkartasuna alderdi politiko berria sortu zen, eta 1986an aurreratutako hauteskundeetan EAJk boto kopuruan irabazi arren eserlekuetan bigarren geratu zen, Alderdi Sozialistaren ostean. Urte horretan EAJk koalizioko gobernua osatu zuen Alderdi Sozialistarekin.

1991n politika munduak bi gobernuren gorabeherak ezagutu zituen urtebetean. Lehena, EAJ-EA-EEk osatu zuten eta bigarrena, berriz, EAJ-PSEk. Gobernu itun horiek ia 1998ko amaiera arte iraun zuten. Urriko hauteskundeen ostean, EA Gobernuaren partaide izatera pasatu zen, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria buru zelarik, EAJ eta PSOErekin batera. Legegintzaldian Alderdi Sozialistak Gobernua uztea erabaki zuen, eta EHrekin haustura instituzionala gertatu zen ez zituelako ETAren atentatuak gaitzesten. Hauteskundeak 2001eko maiatzaren 13rako aurreratzea erabaki zuen lehendakariak eta kanpainan, biolentzia ezean, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko erreferenduma deituko zuela agindu zuen.

Hauteskundeetako emaitzak EAJ-EA koalizioaren garaipena berretsi zuen eta uda ostean EAJ-EA-EB/IU hirukoa osatu zen. 2003ko maiatzaren 25eko hauteskundeak baino hilabete batzuk lehenago, martxoan, Batasuna legez kanpo utzi zuten; beraz, ezin izan zuen hauteskundeetara aurkeztu. 2003ko irailaren 26an, oposiziak kontrako iritziak eduki arren, Ibarretxek Estatuarekiko Atxikimendu Libreko Itun Politiko Berria proposatu zuen Eusko Legebiltzarrean, bertan eztabaidatu ondoren, erreferenduma egiteko asmoa baitu lehendakariak.

Europan integrazioa

Demokrazia Estatu Espainiarrean zabaltzeak nazioarteko erakundeetan oso azkar sartzea ekarri zuen. Ikuspegi ekonomiko, politiko eta sozialetik begiratuta, urrats garrantzitsuena Europako Batasunean (EB) integratzea izan da. Prozesu horrek honako fase hauek jarraitu ditu:

  • 1982: Espainia NATO erakundean sartu zen (erreferendum bidez 1985ean onartua).
  • 1986: Europako Ekonomia Elkartean (EEE) sartu zen eskubide osoko kide gisa.
  • 1992: Maastricht-eko Akordioaren izenpetu zen eta EB sortu.
  • 1999: Euroa Europako moneta bakar gisa onartu zen.
  • 2002: Pezetaren behin-betiko desagertu zen.

Juan Carlos I. erregea Espainia EEEra sartzeko ekitaldian bildutakoei hitz egiten.

Ebatzi gabeko arazoak

Espainiako demokratizazio-prozesuak Estatu osoa oso azkar modernizatzea eta bizi-maila hobetzea ekarri zuen. Hala ere, Espainiak oraindik ere ebatzi gabeko hainbat arazo larri jasaten ditu:

Langabezia-maila altua: langabezia-tasa, %11tik gorakoa, EBeko altuena da eta oztopo larria da hazkuntza ekonomikorako.

Populazioa zahartzea: Espainiako jaiotza-tasa (2001ean %10,03koa) munduko baxuenetakoa da eta horrek populazioa zahartzea dakar, eta ondorioz, gizartearen eskari gehiago eragin ditu apurka-apurka.

Terrorismoa: heriotza gehien eragin dituen erakunde armatua, ETA, jardunean dago oraindik. 1998an su-etena hasi zuen, baina urtebete geroago bertan behera uzten zuela iragarri zuen.

Inmigrazioa: demokrazia finkatu zenetik, Espainia inmigrazio-lurralde bihurtu da; bertan, 300.000tik gora etorkin erregularizatu bizi dira egun, inmigranteen benetako kopurua askoz ere handiagoa bada ere.

Data garrantzitsuak

  • 1982: Espainia NATOn sartu zen. PSOEren lehenengo garaipena hauteskundeetan.
  • 1983: Prozesu autonomikoaren bukaera.
  • 1985: Erreferenduma Espainiak NATOn jarraituko duen erabakitzeko.
  • 1986: Espainia Europako Ekonomia Elkartean sartu zen. PSOE garaile, bigarren aldiz, hauteskundeetan.
  • 1989: PSOEk hauteskundeak irabazi zituen erabateko gehiengoa lortuz. 1992 Espainiak Maastrichteko Akordioa sinatu zuen. Europako Batasuna sortu zen.
  • 1993: PSOEk berriro irabazi zituen hauteskundeak, oraingoan gehiengo sinplea lortuz.
  • 1996: Alderdi Popularra garaile legegintza-hauteskundeetan.
  • 1999: Espainiak euroa onartu zuen moneta bakar gisa; halere, pezeta erabiliko da 2002 urtera arte.
  • 2002: PP berriro garaile Parlamenturako hauteskundeetan.
  • 2002: Euroa moneta bakar gisa erabiltzen hasi zen.

Konstituzioaren hiru botereak

1987ko Konstituzioaren arabera, herriaren subiranotasuna herritarren esku dago. Herritarrek lau urtean behin egingo diren hauteskunde orokorren bitartez hautatuko dituzte botere legegilearen ordezkariak, bi ganberatan banatzen direnak: Diputatuen Kongresuan eta Senatuan. Kongresuak Gobernuko presidentea hautatzen du eta horrek ministroak izendatzen ditu. Presidenteak eta bere ministro-kabineteak botere exekutiboa osatzen dute eta beren jardueraren kontu eman behar dute legebiltzarraren aurrean. Azkenik, botere judiziala independentea da eta oposizio edo lehiaketa publikoz kargu horretara iristen diren epaileek osatzen dute.

 

Monarkiaren eginkizuna

Testu konstituzionalaren arabera, Espainiako erregea Koroaren titularra da eta berari dagokio bizitza publikoaren moderatzaile izatea eta Estatua eta espainiar guztiak ordezkatzea. Ez dauka, beraz, benetako botererik, subiranotasuna herriaren baitan dagoelako. Halere, Juan Carlos I. erregeak, Indar Armatuen komandante nagusia den aldetik, benetan jokabide erabakigarria izan zuen demokraziaren defentsan 1981eko estatu-kolpean.

 

Bake hitzarmenak

ETAren atentatuak itzalean egonik, 1988ko urtarrilean, CDS, EA, PSE, EE, EAJ eta APk Euskadiren Baketze eta Normalkuntzarako "Ajuria Eneko Ituna" izeneko akordioa sinatu zuten, hamar urte iraun zuena.

Egoera politiko berri baten aurrean, 1998ko irailean, euskal alderdi abertzaleek eta EB/IUk, erakunde eta sindikatuekin batera, "Lizarrako hitzarmena" sinatu zuten. Hilebete berean, ETAk tregoa mugagabea agindu zuen. Baina urtebete beranduago, 1999ko azaroaren 28an, ETAk su-etenaren amaiera iragarri zuen.