Mundu polobakar baten arazoak
- EXTRA: Munduan Zehar
ONUren zaharkitzea
Nazio Batuen Erakundea, planeta-mailan bakea babesteko instituzio gisa Bigarren Mundu-gerraren amaieran sortua (81 eta 82. gaiak ikusi), 1990eko hamarkadan krisialdi larri batean murgildu zen. ONUren gainbeheraren arrazoiak hainbat eratakoak izan ziren:
- Arazo ekonomikoak, nazio kide askok kuotak ordaintzen ez zituztelako, batez ere Estatu Batuek, erakundearen zordun nagusia.
- Sinesgarritasunaren galera, nazioarteko interesa duten auzi askotan erakundeak agertu duen jarrera zalantzakorraren ondorioz.
- Ezgaitasun exekutiboa, Asanbladan diktaturiko erabakiak betearazteko.
- Egitura zaharkitua, Bigarren Mundu-gerran garaile gertatu ziren bost potentziek kontrolatzen duten Segurtasun Kontseiluarekin (Estatu Batuak, Errusia, Txina, Erresuma Batua eta Frantzia). Potentzia berriek, Japonia, India, Brasil, eta abarrek, berrikuntza bat eskatu izan dute arlo honetan.
Golkoko gerra
1990ean, Irakeko armadak Kuwait emirerri petrolio-sortzaile txikiaren aurka eraso zuen Pertsiar Golkoan. Saddam Hussein Irakeko presidenteak entzungor egin zion ONUk handik erretira zedin egindako eskabideari; ONUk, orduan, hogeita zortzi naziotako indarrez osaturiko nazioarteko askapen-armada bat bidali zuen. Hainbat bonbardaketa eta lehorreko operazioren bidez, nazioarteko koalizioak Irak-eko armada Kuwaitetik egotzi zuen, urtebeteko okupazioaren ondoren.
Golkoko gerrak eragin garrantzitsuak izan zituen nazioarte-mailako ekonomian, petrolioaren prezioak izugarri garestitu baitziren. Irakek blokeo komertzial gogorra jasan du gatazka haren amaieraz gero, eta behin baino gehiagotan jasan ditu nazioarteko indarren erasoak. Esku-hartze hauek direla eta, Ekialde Ertainean hainbat terrorista-talde integrista sortu dira, esate baterako Al Qaeda, 2001eko irailean Dorre Bikien eta Pentagonoaren aurkako atentatuak burutu zituena.
Atentatu hauei erantzuteko, Estatu Batuek Afganistan eraso zuten 2002an, Al Qaeda taldeko buruzagi terrorista han babesten zelakotan, eta nazio hura gobernatzen zuen talibanen erregimena boteretik egotzi zuen. 2003an, Estatu Batuek eta bere aliatuek Iraken aurkako gerra deklaratu zuten, berriro erasoa jo eta Sadamen erregimena desegin zuten, oraingoan ordea Nazio Batuen onespenik gabe, eta horrek nazioarteko erakundearen irudi jadanik aski hondatua areago aldrebestu zuen.
Kuwaiteko askapen-kanpainako lehorreko operazioak.
Somaliako porrota
Somaliako gerra zibila, non lurralde hartako gune desberdinetan guztira hogeita zortzi talde militar elkarren borrokan zebiltzan, Nazio Batuen sinesgarritasuna hankaz gora botako zuen beste hondamendi bat izan zen.
Gerra haren ankerkeria eta lehiakideen artean akordio baketsu batera iristeko ezintasuna ikusirik, Estatu Batuek militarki esku hartu zuten 1992an. Estatubatuar militarren porrotaren aurrean, ONU arazo hura konpontzen ahalegindu zen "kasko urdin" talde bat bidaliz.
ONUko ordezkarien gestioek apenas emaitza positiborik lortu zuten (1994an su-eten baten akordioa, huts egin zuena) eta "kasko urdinak", berriz, hainbat salaketari aurre egin beharrean aurkitu ziren (droga-trafikoa, prostituzioa, populazio zibilaren aurkako torturak) eta, ondorioz, 1995ean bueltan erretiratu behar izan ziren.
1997an bake-aurreakordio bat sinatu zen, baina apenas bermatzen zuen normaltasunaren ezarpena afrikar lurraldearentzat.
Harrera-zentroa elikatu gabeei laguntzeko.
Dayton-eko akordioak Bosniari buruz
Bosnia-Herzegovinako gatazka (98 gaia ikusi) 1992an hasi zen eta 1995ean amaitu zen, Estatu Batuen esku-hartzeari eta erasotzaile serbiarren aurka NATO erakundeko aire-indarrek Mediterraneoan izan zuten partaidetzari esker.
Negoziaketara premiaturik, liskarturiko alderdiek (bosniarrak, musulmanak, kroaziarrak, eta serbiarrak) estatu federal bat sortzea onartu zuten, bi entitate autonomoz osatua:
- Bosniako Federazioa (musulmanak eta kroaziarrak).
- Errepublika serbobosniarra (serbiarrak).
Banaketa hau Daytoneko bake-akordioetan erabaki zen, 1995eko abenduaren 14ean sinatu zirenak eta, laburbilduz, bi egitate funtsezko hauek onartzen zituztenak:
- Bosnia-Herzegovinako banaketa etnikoa.
- Barne-mugak bat etortzea gerraren amaieran bando bakoitzak okupatuak zeuzkan eremuekin.
NATOko tropen presentziak status quo hauskor hori mantentzea bermatu du.
Data garrantzitsuak
- 1990 Kuwaiten inbasioa Irakeko tropen aldetik.
- 1991 Nazioarteko koalizioak erasotzaile irakiarrak egozten ditu Kuwaitetik.
- 1992 Tropa estatubatuarrak Somaliara bidaltzen dituzte. Erabateko porrota. Bosnian gerra zibila hasten da. Hilketak eta garbiketa etnikoa.
- 1995 Kasko urdinak Somaliatik erretiratzen dira. Daytoneko akordioak Bosniari buruz. Errepublika bikoitz baten sorkuntza.
- 1997 Bake-akordioa Somalian.
- 2001 Atentatu suizida New Yorkeko Dorre Bikien eta Washingtoneko Pentagonoaren aurka.
- 2002 Afganistango guda.
- 2003 Iraken aurkako guda.
Nazio Batuen baremo bikoitza
Nazio askok egin dute protesta ONUk dirudienez baremo desberdina aplikatzen duelako bere aginduak betearaztekoan, bereziki Golkoko gerraren ostean. Hainbat estatu musulmanek adierazi zuten beren kexua Iraken aurkako nazioarteko erasoaren gogortasunagatik eta ondorengo blokeoagatik, beste nazio batzuei, Israeli, adibidez, erakundearen erabaki guztiak urratzen uzten zaionean, horregatik inolako zigorrik ezarri gabe.
Irakeko blokeoa
Golkoko gerra amaitzean, ONUk Bagdadeko gobernuari baimena eskatu zion arma kimikorik edo atomikorik ba ote zeukan aztertzeko. Helburua zen Irak ez zedila mehatxu bat izan gune hartako gainerako estatuentzat. Sadamek eskabide horri uko egin zionez, nazioarteko elkarteak blokeo gogor bat ezarri zion Iraki, mendearen amaiera arte iraun zuena, eta lortu zuen emaitza bakarra biztanleria irakiarra erabat pobretzea izan zen.
Balkanetako gatazkak
Balkanek daukaten garrantzi estrategikoagatik batetik, eta bertan bizi diren arraza, erlijio eta kulturen aniztasunagatik bestetik, lurralde hau bereziki garrantzitsua gertatzen da Europa eta munduko segurtasunerako. XX. mendea amaitzean, artean hainbat gatazkak zirauten lurralde honetan ebatzi gabe:
· Grezia-Turkia: tirabirak Trazia, Istanbul, Egeoko irlak eta Txipreren kontrola eskuratzearren.
· Grezia-Mazedonia: Grezian hasitako liskar politikoa, Mazedoniaren izendapena dela eta.
· Albania: barne-ezegonkortasuna.
· Jugoslavia: tirabirak Kroazia eta Bosniarekin. Barne-gatazkak Kosovo eskualdean.
