Integrismoa eta nazionalismoa
- GRAFIKOA: Yugoslavia ohiaren zatiketa
- EXTRA: Munduan Zehar
Bortizkeria erlijiosoa
Fanatismo erlijiosoa ez da kultura jakin baten ondare esklusiboa. XX. mendeko azken bi hamarkadetan mundu guztian ugaritu dira masa-mugimenduak, bizitza politiko eta soziala sineste erlijiosoen arabera antolatu nahian. Garrantzitsuenetako batzuk hauek dira:
- Islamiar fundamentalismoa: 1979an agertu zen Irango iraultzaren garaipenarekin. Baina islamiar fundamentalismoak inon baino gehiago Afrikako iparraldean jasanarazten du bere eragina, eta hala, Egipton edo Algerian, adibidez, estatu laikoak izanik, terrorismo islamistaren erasopean bizi dira. Afganistanen, talibanen garaipen belikoak nazio hura Erdi Arora itzularazi zuen; halere, 2002an mendebaldearen esku-hartzeak talibanak boteretik egotzi zituen.
- Fanatismo hindua: Indiak, bere independentziaz geroztik, barne-arazo larriak jasan ditu gehiengo hindu eta gutxiengo zabal musulmanaren arteko harreman zailen ondorioz. Arazo bera dute sorburu India eta Pakistanen arteko tirabirek ere, armamentu nuklearrez hornituriko nazioak bata zein bestea.
Soldadu talibanak Mazar-I-Sharif hirian.
Antzinako Jugoslaviako gerrak
Komunismoaren erorketaren ostean, Jugoslavia bost estatu independentetan zatitu zen:
- Jugoslavia: Serbia eta Montenegrok osatua, gehiengoa serbiarra delarik. Gaur egungo izena Serbia eta Montenegro da, eta litekeena da etorkizun hurbilean bi herrien arteko sezesioa gertatzea.
- Kroazia: biztanleria kroaziar katolikoa.
- Eslovenia: biztanleria esloveniarra.
- Mazedonia: biztanleria mazedoniarra, gutxiengo serbiarrarekin.
- Bosnia-Herzegovina: biztanleria serbiarra, kroaziarra, eta bosniar musulmana.
Serbiarrek ez zuten onartu nahi zatiketa eta horixe izan zen, hasiera batean, lurralde honek jasan dituen gatazka belikoen jatorria:
- Kroazia (1991).
- Bosnia-Herzegovina (1992-1995).
- Kosovoko eskualde serbiarra (1998-1999), populazio albaniar musulmanekoa. 1999ko martxoan NATOko indarrek esku hartu zuten bertan.
Kasu guztietan, gerra hauen ezaugarri nagusietako bat izugarrizko bortizkeria eta ankerkeria izan ziren, batetik sentimendu nazionalistaren eta bestetik bando bakoitzean desberdina den fede erlijiosoaren asalduragatik. Esku-hartze internazionalak soilik, Bosniaren kasuan, liskarrekin bukatzea lortu zuen; Kosovon, berriz, NATOen bonbardaketek serbiarren garbiketa etnikoko politika sustatu zuten.
Laku Handietako sarraskiak
1990eko hamarkadako azken urteetan, ohikoago bihurtu ziren Laku Handietako lurralde afrikarreko gatazkak. Hiru izan ziren gerra garrantzitsuenak:
- Ruanda: biztanleriaren osaketa etnikoa auzoko Burundikoaren antzekoa izanik, hutu eta tutsien arrazen arteko liskarrek ia etengabeko gerra zibil egoeran mantendu dute lurraldea independentziaz geroztik.
- Burundi: 1991n Estatu-kolpe batek eten zuen 1988an hasitako demokratizazio prozesua. Tutsi etniak, lurraldeko menderatzailea bera, talde hutuen aurkako indarkeria eta sarraski kanpaina ikaragarri bati ekin zion, eta horrek hutuen ihesaldi masibo bat eragin zuen.
- Zaire (lehen Kongo Belgikarra zena): erraldoi Erdialdeko Afrikarrak 1997an gatazka zibil bortitz bat bizi izan zuen, Mobutu Sese Seko presidentea boteretik kentzearekin amaitu zena eta haren lekua buruzagi gerrillaria Laurent Kabila jarri zen. Honek Zaire izena baztertu eta Kongoko Errepublika Demokratikoa izena jarri zion lurraldeari. Etnia desberdinen arteko borrokak eta sarraskiak hemen ere, Ruandan eta Burundin bezalaxe, oso ugariak izan ziren.
«Garbiketa etnikoa» kontzeptua
1990eko hamarkadako aurreneko urteetan Jugoslaviako gerretan erabilia, "garbiketa etnikoa" adierazpena berdin aplika daiteke munduko beste leku askotan gertatu diren istiluetan ere, hain zuzen, gerraren helburu nagusia arerioaren sarraski fisikoa izan denetan.
Hauxe da, funtsean, garbiketa etnikoaren esanahi ikaragarria: arerioaren erabateko suntsipena naziotasun, arraza edo erlijio arrazoiengatik, edo denak batera. Bosnia-Herzegovinan, Ruandan, Burundin edo Afganistanen "garbiketa etnikoa"ren aplikazioa munduak nazien garai deitoragarriaz gero ezagutu ez duen sarraski eta terrore egoerara itzultzea suposatu du.
Eraikin suntsituak Mostarren, Bosnian.
Data garrantzitsuak
- 1991 Serbiaren erasoa Kroaziaren aurka. Burundiko Estatu-kolpea. Hutuen hilkuntzak. Aljeriar armadaren eta talde islamiarren arteko borroken hasiera.
- 1992 Serbiaren altxamendua Bosnia-Herzegovinan.
- 1994 Ruandako gerra zibila bere une larrienean.
- 1995 Daytoneko bake akordioak, Bosnia-Herzegovinako liskarrari akabera ematen diotenak.
- 1997 Laurent Kabilaren gerrillen garaipen militarra Zairen.
- 1998 Serbiar tropen erasoa Kosovon. Tentsio nuklearra India eta Pakistanen artean.
- 1999 NATOen bonbardaketak Jugoslavian.
Talibanen politika
Gerrillari talibanak (Koranen ikasleak) 1996an hartu zuten boterea Afganistanen. Lehen unetik, agintari talibanek erregimen fundamentalista bat ezarri zuten, honako arau edo agindu hauetan oinarritua:
- Emakumeek beloa eramateko eta gizonek bizarra uzteko ezarpena.
- Emakumeek ikasi edo lan egiteko galarazpena.
- Fede islamiarraren ezarpena populazio guztiarentzat.
- Exekuzio eta zigor publikoak.
- Telebista instalazio eta aparatuen debekua.
India eta Pakistan, potentzia nuklearrak
1998an Pakistanek eta Indiak hainbat proba nuklear egin zituzten batak besteari bere ahalmen militarra erakusteko. Liskarraren azpian, Pakistango musulmanen eta Indiako hinduen arteko desberdintasun erlijiosoak ez ezik muga-auzi bat zegoen: Kaxmirrena hain zuzen, baliabide naturaletan oso aberatsa den lurraldea eta estatu biek bere jabetza aldarrikatzen dutena.
Errefuxiatuak
Gerra orotan ondorio dramatikoenetako bat errefuxiatuena da. XX. mendeko azken urteetan izugarri ugaritu da gerratik ihes egiten ahalegintzen diren pertsonen kopurua, Balkanetan, Afrikan zein Asian.
Konponbide zaila daukan arazoa da, askotan, herrialde hartzaileek ez baitituzte betetzen ezinbesteko baldintzak bat-batean milaka pertsonari babesa eman ahal izateko.
