Mundu multipolar baterantz
- GRAFIKOA: Azken 20 urteotako aldaketak
- ANIMAZIOA: Europako Batasuneko jatorria eta garapena
- EXTRA: Munduan Zehar
Errusia berriaren gakoa
SESBren deuseztapenetik sorturiko Errusia erraldoi bat da lurraldearen hedadurari eta demografiari dagokionez; halere, jasaten dituen barne-arazoen larritasuna dela eta, bere sinesgarritasuna arriskuan dago nazioarte mailako potentzia bat izateari dagokionez:
- Krisi ekonomiko gero eta handiagoa, prezioen gorakadarekin eta hiritarren erosteko ahalmenaren galerarekin, horrek gizartearen pobretze orokor bat eragiten duelarik.
- Mafia eta gaizkile erakunde antolatuen ugalketa, boterea kinka larrian jarri eta ekonomia kontrolatzen dutenak, nazioaren suspertzea eragotziz.
- Sentimendu nazionalisten gorakada, bai errusiar herriaren aldetik eta baita herrialde guztiko gutxiengo etnikoen aldetik ere, emaitza gisa zenbait gatazka armatu sortarazi dituena, Txetxeniakoa adibidez, 1999an berriro piztu zena.
- Istripu nuklearren arriskua, batetik, antzinako zentral sobietarrak zaharkituak daudelako, eta bestetik, Errusiaren armategi atomiko ugaria seguru mantentzea oso garesti irteten delako.
Arazo hauei ematen zaien konponbide zailaren arabera, Errusia etorkizuneko munduaren poloetako bat izatera iristea edo erabateko krisialdi batean erortzearen arriskua dago, 1991ko kolapso sobietarra baino askozaz larriagoa (94 gaia ikusi).
Europar Batasuna: erraldoi ekonomikoa, nano politikoa
Europar Batasuna (EB), 1999 urtearen amaieran hamabost estatuk osatua, munduko hirugarren potentzia ekonomiko bihurtu zen Estatu Batuak eta Japoniaren ondoren. Halere, garapen industrial eta ekonomiko harrigarri hori ilundua geratu da EBak nazioarte mailan erakutsi duen pisu politiko urriagatik. Honen kausen artean aipa daitezke:
- Kanpo-politika komun bat ez egotea: EBeko Estatu bakoitzak bere interesak defendatzen ditu nazioarte mailan, eta batasun falta horrek eraginkortasuna kentzen dio europar diplomaziari.
- Erabakigarritasun-falta nazioarteko krisien aurrean; nabarmen geratu zen hori Bosnia-Herzegovinako gerran, EB ez baitzen konponbide negoziatu bat inposatzeko gai izan. Beste horrenbeste 2003an, Iraken aurkako gudari dagokionez, Estatu kideak ez ziren jarrera bateratu bat aurkezteko gai izan: Erresuma Batua eta Espainia, Estatu Batuei jarraituz, Iraki erasotzeko erabakiaren alde agertu ziren bitartean, Frantzia eta Alemania, beste hainbat herrialderekin batera eskuartze armatuaren aurka jarri ziren.
- Erabateko mendetasuna Estatu Batuen kanpo-politikaren aurrean, batez ere NATOn jarduerarekin erlazionaturiko gaietan.
Estatuen araberako produkzio mundiala.
Europa etorkizunean erabaki zentro izatera iristeko aukera, EB osatzen duten estatuek zenbait arlotan nork bere subiranotasunaren zati bati uko egiteko gaitasunean datza, esate baterako, kanpo-politikan eta defentsan.
Preseski, Europar Batasunaren Tratatu Konstituzionalaren Proiektuan jorratutako aspektu garrantzitsu batzuk kanpo-politika eta defentsaren arloak izan ziren. Egitasmo hori 2003ko ekainean Salonikan onartu zen eta Valery Giscard d'Estaing Europar Konbentzioaren presidenteak aurkeztu zuen. EBren herrialde kideen mandatariek eta 2004ko maiatzean batasunean sartuko direnetatik hamar Estatuk proiektua babestu zuten.
Egitasmo konstituzionalean landutako beste gai batzuk honakoak izan ziren: egituraren sinplifikapena eta europar burokrazia, demokratizazio handiagoa eta EBren politika-gardentasuna, eta bere konpetentzien azalpena.
Txina: erreforma ekonomikoa eta immobilismo politikoa
Etorkizuneko potentzia nagusietako bat lez ikusten da Txina. Horretarako, hazkuntza ekonomiko oso azkar bat bere alde dauka, batez ere lurraldeko "gune bereziak" deritzen tokietan; baina halere, oraindik nazio aberatsenen mailatik urruti dago, Japonia edo Alemaniaren parean, esate baterako.
Txina merkatu-ekonomian sartu izana ez da, halere, herrialdeak jasaten dituen arazo guztien panazea. Hona hemen arazo horien artean larrienak:
- Produkzio-baliabide zaharkituak.
- Azpiegitura eskasia.
- Desoreka ekonomiko garrantzitsuak kostaldearen eta barrualdearen artean.
- Geldialdi politikoa.
- Giza eskubideen zapalkuntza.
- Superpopulazioa.
Uzta Onen alde Erreguteak egiteko tenplua.
Eskualdeko aitzindariak
Milurteko berriko munduan hainbat estatu agertuko dira potentzia berri gisa nazioarteko eszenategian. Gaur egun jada aitzindari dira:
- Nigeria: Behar besteko populazioa eta baliabide dauzka kontinente beltzeko potentzia nagusi bihurtzeko. 1999an hasiriko demokratizazio prozesua izan daiteke horretarako aurrerapauso handi bat.
- Brasil: Latinoamerikako herrialderik hedatsuena eta populatuena XXI. mendean mundu mailako potentzia izatera hel daiteke. Bien bitartean, nazioarteko kezka Amazoniako oihan tropikalak suntsituak gerta daitezkeelako.
- India: XXI. mendean segur aski munduko estatu populatuena izatera iritsiko da. Dauzkan potentzial demografikoak eta garrantzi geoestrategikoak, bere armategi nuklearra ere ahaztu gabe, etorkizuneko munduko poloetako bat bihurtzen dute.
- Japonia: Munduko bigarren potentzia ekonomiko honek mundu mailako ekonomiaren zentroa Ozeano Barerantz lekualdatzeko joera dauka. Asiako aitzindaria izanik, Japonia munduko potentzia ekonomiko nagusi bihur daiteke epe laburrera.
Data garrantzitsuak
- 1991 SESBren zatiketa. Bloke sozialistaren desagerpena.
- 1992 Maastrichteko Itunaren izenpetzea: Europar Batasunaren sorrera.
- 1997 Txinak Hong-Kong hiria berreskuratzen du.
- 1998 India eta Pakistanen arteko tirabira larria, azken honek eginiko proba nuklearrak zirela eta.
- 1999 Nigeriaren itzulera sistema demokratikora. Europar Batasunak euroa onartzen du moneta bakar gisa. NATOn sartzen dira, Polonia, Hungaria eta Txekiar Errepublika, Varsoviako Ituneko kide ohiak.
- 2003 Konstituzio-egitasmo baten onarpena Europar Batasunarentzat.
ONUren ezinbesteko erreforma
Bertantxe daukagun mundu berriaren aurrean, ezinbesteko da Nazio Batuen Erakundearen erreforma prozesu sakon bati ekitea. Bere gobernu-egitura, Bigarren Mundu gerrako potentzia garaileetan oinarritua, gaur egun zentzugabea gertatzen da. Bestalde, erakundearen mendetasuna Estatu Batuen erabakien aurrean, aldatu beharreko gauza da nazioarteko partaidetza zabalago baten mesedetan. Halere, eta akatsak akats, ONUk bere historian zehar jokabide erabakigarria izan da hainbat arazoren ebazpenean.
