Egungo ekonomia
- EXTRA: Munduan Zehar
Ekonomia globalaren zentroak
Komunismoaren erorketaren eta merkatu librearen ekonomi sistemen indartzearen ondoren, mundu-ekonomia oinarrizko hiru polotara zuzendurik geratu zen:
- Amerikako Estatu Batuak: munduko lehen ekonomi potentziak bere posizio hegemonikoa mantendu zuen, nahiz eta bere barne arazoak eduki eta kanpoko konpetentzia gero eta garrantzitsuagoa izan.
- Japonia eta «ekialdeko dragoiak»: ekonomi jardueraren atal handi bat Asiako ekialde urrunera lekualdatu izana, bigarren mundu gerraren ostean Japoniak garatu zuen garapen ikusgarriaren ondorioa izan zen. Japoniarren jokabidea eredutzat hartu zuten zonaldeko beste nazio batzuek, hala nola Taiwan, Hego Korea edo Singapur, Hong-Kong txinatar hiriak ez ezik.
- Europar Batasuna: bata bestearen segidako zabaltze prozesuaren ondorioz hirugarren ekonomi potentzia bihurturik, bere bazkideen arteko lehia eta estatubatuar eta ekialdetar konpetentziak neurri handian mugatu zuten honen merkaturatzeko ahalmena.
Neoliberalismoaren arazoak
Ekonomiaren garapen orokorra bistakoa bada ere, politika neoliberalen ezarpenak ia munduko eskualde guztietan hainbat alde txar azaldu zituen:
- Langabeziaren areagotzea: langabezia herrialde garatu gehienen arazo nagusia bihurtu zen.
- Merkataritzaren eta aurrekontuen defizita, nagusiki Estatu Batuetan eta Europar Batasuneko zenbait naziotan eragina izan zuena.
- Neoliberalismoak herrialde pobreetan eta errepublika komunista ohietan garapena ziurtatzeko zuen ezintasuna.
Politika neoliberalen sakontzeak kontrako mugimenduen agerpena eragin du mundu guztian, nazioarteko ekonomi eta politika topaketak direla eta, nagusitasun nabarmena eta indar berezia azaltzen dutenak. Sortu dira foro alternatiboak ere ekonomi eredu honen aurrean, Portoalegreko foroa kasu.
Ekonomia modernoaren bereizgarriak
Egungo ekonomia globalizazioagatik bereizten da, eta hauexek dira bere ezaugarriak:
- Lan merkatuaren aldakuntza, langilearen babesgabetasuna eragiten duena, eta langabezi indize altuko herrialdeetan bereziki erasotzen duena.
- Fabrikak esku lana merkeago daukaten hirugarren munduko herrialdeetara eramatea.
- Teknologi aurrerakuntza etengabeak, lehen gaien eta esku lanaren kostua murrizteko.
- Multinazional handien boterearen hazkundea, Estatuen subiranotasunaren kaltetan.
- Nazio garatuen eta nazio azpigaratuen arteko diferentzia ekonomikoa gero eta zabalagoa izatea, hirugarren munduko herrialdeetako gatazkak areagotuko dituena.
Hong-Kongeko kale bat.
Etorkizuna: ongizate Estatuaren defentsa
Neoliberalismoaren aplikazioak mundu mailan, espero zitekeen baino itxaropen gutxiago eskaintzen du, beraz. Nahiz eta mugak desegiteko joera izan eta zeharka zenbait gatazka negoziazioen bidez konpontzeko aukera eskaintzen duen, aldi berean munduaren zatiketa, aberats eta pobreena gero eta sakonagoa da.
Bestetik, herrialde aberatsetan neoliberalismoaren aplikazioak ongizate Estatuaren pixkanakako birrinketa eragin du, pentsio, langabezi, osasun, eta abarreko arloetan lortutako hainbat onura sozial bertan behera utziz.
Etorkizuneko munduaren erronka nagusia, beraz, hiritar gehienen ongizatea ziurtatzeko ekonomi egitura berrien ahalmenean errotuko da.Data garrantzitsuak
- 1991 Hegoko Merkatu Komunaren eraiketa (MERCOSUR) Argentina, Brasil, Paraguay eta Uruguayren artean.
- 1992 Maastrichteko hitzarmenaren sinadura. Europako Elkarte Ekonomikoa Europar Batasuna izatera pasatzen da. Merkataritza Libreko Hitzarmenaren sinadura (TLC) Mexiko, Kanada eta Estatu Batuen artean.
- 1994 TLCren berrespena.
- 1996 Bolibiak eta Txilek hitzarmenak sinatzen dituzte MERCOSURrekin.
- 1999 Euroa hamabi naziotako moneta bihurtzen da, moneta nazionalekin batera bizi bada ere.
- 2000 Ardatz monetario hirukoitz baten sorrera birtuala: dolar-euro-yen.
- 2002 Euroa EBeko hamabi naziotako moneta bakar bihurtzen da, herrialde bakoitzeko dibisak desagertu ondoren.
Multinazionalak hirugarren munduan
Mundu-ekonomia berriaren alderdirik latzenetariko bat, kosteak jaitsi arren fabrikak hirugarren mundura eramatean datza. Honek kalifikazio eskaseko lan eskua erabiltzea suposatzen du, seguritate sozialik gabekoa eta gaizki ordaindutako langileriarekin. Kasu batzuetan zenbait enpresak haurrak erabiltzen ditu langile bezala, izan ere, gehienetan merkeagoak izaten baitira.
Hong-Kongeko kasua
Hong-Kong hiria, Txinan, garapen ekonomikoaren adibide nabariena da, finantza eta merkataritza jardueratik abiatuta. Lur eremu txikia izanik, sei milioi biztanle baino zertxobait gehiago duelarik, Hong-Kongek Txina osoko, guztira mila eta berrehun milioi dituen nazioko PIBaren ia laurdena ekoizten du. Antzeko bidetik doaz inguru hartako beste estatu batzuek ere, eta joera honek munduko ekonomiaren zentroa Pazifiko aldera aldarazi dezake.
