Euskal Herriko Demografiaren historia
- TEST: Egia edo gezurra?
- EXTRA: Euskaldunak Argentinan
XI. mendea arte Euskal Herriko demografiari buruzko datuak oso urriak dira eta horregatik zaila gertatzen da azterketa sakona egitea. XI. mendetik XIV.erako tarteari buruz datu gehiago daude, hiriak sortzeko prozesuen agiriak idazten direlako, batez ere. Bi mende hauetan zehar Done Jakue Bideak garrantzia hartu zuen eta Errege nafarrek hiri asko sortu zituzten bidean zehar: Zangoza, Lizarra, Gasteiz, Biasteri, etab. Bertako biztanle-kopurua igo zen eta frankoak hasi ziren etortzen, sortutako hiri berrietan bizitzera.
Gipuzkoako eta Bizkaiko kostan ere hiri berriak sortu ziren: Hondarribia, Getaria, Zarautz, Bilbo, etab. Hala ere, kostako eta Gaztelako hirien arteko komertzioa errazteko beste hiri batzuk sortu ziren Bizkaiko eta Gipuzkoako barneko eskualdeetan: Tolosa, Bergara, Durango, etab.
Izurrien eta gerren eragina demografian
XIV. mendean zehar biztanleen hazkuntza ahuldu egin zen eta hiri askotan biztanle- kopurua jaisten hasi zen. Jaitsiera honek hainbat eragile izan zituen. Hasteko, Europan gauza bera gertatzen ari zen; beraz, ez zen Euskal Herrian bakarrik gertatutako fenomenoa. Bestetik, izurriak eta gerrek eragin zuzena izan zuten heriotza-kopurua izugarri handitzeko; esate baterako, hiri batzuek urte gutxitan populazioaren % 63 galdu zuten. Kontuan izan behar da gerren eta izurrien ondorioz jakiak oso urriak zirela eta gosez jende asko hiltzen zela.
XV. mendearen erdialdean Euskal Herriko biztanleen kopurua hazten hasi zen eta hurrengo mendea arte iraun zuen hazkunde-prozesuak. Horrela, Arabak 1530. urtean 50.000 biztanle zituen eta 1600. urtean 70.000. Gainerako herrialdeetan hazkundea izugarria izan zen, nahiz eta kostan hazkundearen erritmoa mantsoagoa izan, barneko eskualdeetan baino. Merkatariak eta eskulangileak zituzten hiriek hazkunde handia izan zuten.
XVI. mendean hazkunde-prozesuak aurrera egin arren, Euskal Herriko biztanleak Penintsulakoen %3,6 baino ez ziren eta bertako asko Gaztelara eta honen kolonietara joan ziren. Gainera, hiri batzuetara atzerriko jendea hurbildu zen eta honek mendearen bukaeran arazoak sortu zituen. Hala ere, mende honetan izurria oso gutxitan gertatzeak hazkunde-prozesuari bultzada handia eman zion. Izan ere, 1563. urtean izurriak Tuteran gogor jo eta Iruñeraino zabaldu bazen ere, ez zen beste hiri batzuetara hedatu.
Dena den, hazkundeak bere muga izan zuen XVI. mendearen bukaeran. Izan ere, izurri bubonikoaren ondorioz, biztanle asko hil ziren. Honekin batera, esan behar da egoera ekonomikoa krisian sartu zela eta honek eragina izan zuela Euskal Herriko demografian. Oro har, biztanle-kopurua murrizten hasi zen, kostan izan ezik. Kostan, berriz, hazkundea suspertu egin zen, gizakientzat eta animalientzat artoa landatzen hasi zelako, bereziki. Dena den, kostako hirien egoera ez zen ona, etxe asko erortzear zeuden eta administrazioak ez zuen behar zen laguntza eskaintzeko nahikoa bitartekorik. Honi gehitu behar zaio arrantzaleek gero eta arazo gehiago zutela beren lana egiteko. Beraz, bi irtenbide zuten kostako biztanleek; batetik, Lapurdiko kaietara joatea eta, bestetik, nekazari-lanak egitea.
Garai horretan nekazaritza arloak aukera berriak sortu zituen, jakiak emateaz gain, jendearentzako lana ere eskaintzen baitzuen. Horren ondorioz, jende asko hasi zen nekazaritza-lanetan.
Nekazaritzako lurraldeen eta kostaren arteko aldea
XVII. mendeko demografiaren ezaugarrietako bat biztanleriaren bizi-itxaropena luzatzea izan zen, izurria asko murriztu baitzen. Beste ezaugarri bat azpimarratu behar da, hots, nekazaritzako lurraldeetan eta hirietan jaiotze-tasak desberdinak zirela, lehenengoan hirietan baino haur gehiago jaiotzen baitziren. Horrela, hiri barneko biztanle-kopurua jaisten hasi zen. Halaber, mende honetan izurrite izugarriek biztanleen kontra jo zuten; handienak 1626-32koa eta 1652-55ekoa izan ziren.
XVIII. mendean bi eredu demografiko desberdinek jarraitzen zuten: barneko lurraldeak (Nafarroa eta Araba, bereziki) eta kostakoa (Bizkaia eta Gipuzkoa). Lehenengoei dagokienez, hazkunde-prozesua indartzen hasi zen, nahiz eta Erregimen Zaharreko ezaugarriekin; hau da, heriotza eta jaiotze tasa altuekin. Bigarren lurraldeei dagokienez, biztanle-dentsitatea handia zen; esate baterako, estatuaren batezbestekoa %20,6koa zen eta Gipuzkoakoa %59,8koa. Heriotza-tasa gainerako euskal lurraldeetakoa baino txikiagoa zen. Haurren heriotza-tasa ere txikia zen, txertoak erabiltzen hasi zirelako bereziki. Hala ere, Bizkaian eta Gipuzkoan biztanleria zahartzen ari zen eta ezkongabeen kopurua handia zen. Bi datu hauen ondorioz, jaiotze-tasa txikia zen oso.
Ingalaterran XVIII. mendean Iraultza demografikoa gertatu zen. Horrela, umeen heriotza-tasa nabarmenki jaitsi eta bertan mantentzen zen. Araban, Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan 1857. urtea arte biztanleen kopuruaren hazkundea motela zen, inongo kasutan ez zen %0,5era ailegatzen. Iparraldean, berriz, kopuru horretara iristen bazen ere, ez zen beste lurralde batzuetakoa baino handiagoa. Egia da, umeen heriotza-tasa gutxitu zela, baina, aldi berean jaiotze-tasa ez zen handitzen. Kostako eta barneko eskualdeen arteko desberdintasun demografikoak desagertzen hasi baziren ere, desberdintasunak nabarmenak ziren.
1850tik aurrera, demografia-aldaketak
1850tik aurrera demografian aldaketa nabarmenak sumatzen hasi ziren. Bizkaian eta Gipuzkoan hazkunde-tasak altuak baziren ere, Nafarroan, Araban eta Iparraldean mantentzen edo jaisten ari ziren. Arabako kasua bereziki kezkagarria zen, %0,02ko hazkunde-tasa baitzuen. Bizkaiko biztanle-kopurua handitu egin zen, neurri handi batean, industriaren bultzadari esker. Industriak kanpoko lagun ugari erakarri zuen eta Bilbo hamar urtetan 37.866 biztanle izatetik, 74.760 izatera pasa zen, esaterako. 1910 eta 1930 bitartean bigarren hazkundea gertatu zen eta horren ondorioz Bizkaiko biztanleen %25,14 etorkinak ziren.
Gipuzkoaren hazkundea ez zen hain handia izan eta biztanleak lurralde osoan zehar sakabanatu ziren. Bizkaian, ordea, industriguneetan elkartu ziren biztanle gehienak. Etorkinen etorrera Donostian nabaritu zen, baina Gipuzkoako gainerako eskualdeetan ez zen hauen presentzia sumatu. Dena den, gipuzkoarren bizi-kalitatea ona zen, industrializazioaren ondorio latzak pairatu ez zituztelako.
Nafarroan eta Araban biztanleen kopurua orokorrean ez zen igo, baina Iruñeak eta Gasteizek hazkunde handia ezagutu zuten. Iparraldearen egoera antzekoa zen, hazkunde handia izan gabe, baina, Lapurdik biztanle-kopuruei eutsi arren, Behe Nafarroan eta Zuberoan biztanleen kopurua nabarmen jaitsi zen. XX. mendea arte Nafarroak eta Arabak ez dute industrializazioa lortu, eta Iparraldeko ekonomia turismoarekin dago lotuta, batez ere.


Gaur egungo datuak


