Armagintzaren historia Euskal Herrian
- TEST: Egia edo gezurra?
- EXTRA: Bittor Sarasketa, Eibarko armagina
- EXTRA: Antzinako armak
- BIBLIO: Bibliografia (7)
Soraluze XX. mendearen hasieran. Soraluze mendetan zehar armagintzan jardundako herria da.
Historiaurreko armak. Arma zuriak
Euskaldunek aspaldian ekin zioten armagintzari. Jada Historiaurrean arku, gezi eta antzeko armak egiten zituzten; zura, harria eta larrua konbinatuz. Harrizko aizkorak Euskal Herriko hainbat lekutan aurkitu dira: Ulibarri-Ganboa, Arriaga, Urbia, Soraluze edo Eibarren, adibidez.
Kobre- eta Brontze-Aroetan, metal hauen aurkikuntzari esker, aizkorak, lantza-puntak edo mailuak egiten hasi ziren. Ez da garai haietako aztarna handirik aurkitu. Bai, ordea, Burdin Arokoak. Garai hartan, euskaldunak arma arinen zale ziren; ezpatak, adibidez. Euskal Herrian, eurentzat ez ezik erbestekoentzat ere ezpatak eta arma zuriak egin ziren burdinola zaharretan eta baita armadurak ere. Ezpatagintzan Bilbo, Tolosa eta Arrasate nabarmendu ziren, batik bat; armagintzan, berriz, Eugi eta Urizaharra.
Su-armagintza
XIV. eta XV. mendeetatik aurrera, arma zuriak eta su-armak aldi berean egin ziren. Ermuan, adibidez, arkabuzak eta mosketeak egiten zituzten, Elorrion arkabuzak eta lantzak, Bergaran aiztoak eta Durangon armadurak eta arma zuriak. XVI. mendetik aurrera, Soraluze izango da eskopeta, arkabuz eta mosketeen fabrikazioan gunerik garrantzitsuena; XIX. eta XX. mendeetan, aldiz, Eibar.
Armagintzarako behar zuten burdina, Somorrostro-Muskiz, Arrasate, Mutiloa, Zerain eta abarretako meetatik ateratzen zuten eta lantzen girtenak egiteko zura, bertako basoetatik.
Eskuzko armen aurretik artilleria landu zuten. Hasieran, pieza astunak fabrikatzen ziren, (burdinazko kanoiak XIV. eta XV. mendeetan zehar, brontzezkoak ondoren) indar txikiko bolbora erabiltzen zelako, baina, bolbora hobetu ahala, kanoi arinagoak egin zituzten (altzairuzkoak XIX. mendearen erdialdera). Bestalde, XVI. eta XVII. mendeetan, Euskal Herrian harri-balak eta burdinazko bolak lantzen zituzten. Alabaina, artilleriako armagintza ez da asko nabarmendu Euskal Herrian azken bi mendeak arte.
Eskuzko armen artean, balezta oso erabilia izango da XIII. mendetik aurrera, eskopetak eta arkabuzak sortu arte. Eta su-arma horiek hobetzen joan ziren heinean baleztak eta alabardak baztertzen joan ziren, baleztagintzan euskaldunak trebeak izan arren.

Balezta
XVI. mendean, arma hau zokoratua geratu zen, ez ordea, ezpata. XVI. mendean eskopeta, arkabuz eta mosketeen fabrikazio guneak Elgoibar, Soraluze, Eibar, Ermua, Durango eta Elorrio izango dira.
Hasieran, eskuzko bonbardek bi pertsona behar zituzten, batek apuntatu eta besteak kanoiari metxa ezartzeko. XV. mendean, sistema berri bat asmatu zuten; metxa gakoaren ondoan piztuta zegoen eta pertsonak tiro egin nahi zuenean, gakoa biratu eta metxa kanoian sartzen zen. XVI. mendean, ordea, gurpilezko sistemarekin batera, bonbardak ez zuen behar metxarik, pirita puska bat zuen eta gurpila biratuz txinparta aterata tiro egiten zuen.
Garai honetan ekin zieten pistolak fabrikatzeari. Mende bukaeran zizpa-giltza asmatu zuten; honek suharri pusketa bat zuen eta burdinari kolpe jota ateratzen zuen zizpa. Gipuzkoa eta Bizkaiko arkabuz eta mosketeak zizpa-giltzakoak ziren. "Zizpa" izena ere eman zaio euskaraz.
Arkabuza
XVIII. mendean, euskal armaginek tiro-errepikatzea ezagutzen zuten jada. Eta 1730. urtetik aurrera bolboraren hobetzeak su-armaen kanoiak laburtzea ekarri zuen, armak arinagoak eta erabilgarriagoak bihurtuz.
XIX. mendearen hasiera aldera, sistema berri bat garatu zen eta zizpa-giltzak edo suharriak baztertu ziren. Sistema berri honetan orratz eraunskailuak leherrarazten du karga fulminantea joz.
Armaginen gremioetatik enpresa pribatuetara
Euskal Herriko fabriketan egiten ziren su-arma horiek eta artisau gisa forjatzen eta egiten zituzten armak Deba arroan. Erregeen ordezkariak etorri ohi ziren armak aztertu eta eramatera. Soraluze aukeratu zuten probak egiteko XVI. mendean eta fabrika eraiki zuten. Errege-etxe izenez ezagutuko da fabrika hori.
XVI. mende aldera, gremioek indar handia hartu zuten. Armak probatzeko instalazioak gremioenak ziren; fabrika horietan gremio desberdinetako artisauek lan egiten zuten baina independenteak ziren elkarrengandik. Fabrikazio-arauak zituzten bateratuak, besterik ez.
Nafarroan, Eugin zegoen arma zurien fabrika, Tolosara aldatzea eskatu zuten 1607an, eta Tolosa, Ibarra eta Alegian ezpatak eta baionetak egiten hasi ziren. Nafarroan, Orbaizetan ere arma zuriak eta su-armaren bat edo beste egiten zituen fabrika bat zegoen; XVIII. mende arte pribatua izan zen eta 1882an itxi zuten.
XIX. mende hasieran Soraluzeko Errege-etxea berritu zuten eta 1875 arte iraun zuen. Izan ere, urte hartan gremioen antolakuntza desegin zen eta enpresa pribatuak garatu ziren armagintzan; gaur egun diharduten Eibarko Orbea eta Soraluzeko Euskalduna, esaterako.

Eibarko Star Bonifacio Echeverria, S.A. enpresak egindako pistola erdi-automatikoa
Euskal makila
Euskal makilen eztenak (Argazkia: Euskonews media)
Antzina makilak, adarrak eta harriak erabiltzen ziren defentsarako nahiz ehizarako. Makila izango zen lehen arma eta gero honi harri bat erantsiz aizkora asmatuko zuten. Euskal makila arma gisa era askotara erabili izan da: eskuko arma gisa, jaurtigai gisa eta baita habaila moduan ere.
ampRamiro Larrañaga soraluzetarra, armagintzaren historiagilea
Ramiro Larrañagaren Armeros vascos (2001)
Ramiro Larrañaga Fernández de Arenzana Soraluzen jaio zen 1924an. Aitak eskopetak egiten zituen lantegi txiki batean, baina 1935ean hil egin zen eta ama bere haurrekin miseria gorrian geratu zen. Ramiro, denetan zaharrena, izeba moja baten bidez, Iru ntilde era joan zen ikastera. Han ikasten ari zela harrapatu zuen 1936ko gerrak, altxamendua nagusitu zen aldean beraz. 15 urte besterik ez zituela erreketeekin frontera joan behar izan zuen. Gerratik herrira itzuli zenean Soraluzeko kanoi-fabrikan hasi zen lanean grabatzaile gisa. Eibarko eskopeta-fabrika batean apaindurazko grabaketak egiten ikasi zuen. Soldadutzatik itzuli zenean bere kontura hasi zen lanean. Urte batzuetan Soraluzeko udaletxean lan egin zuen bulegari gisa, baina ostera bere lantegira itzuli zen. Gero Donostiako Udal Aurrezki-Kutxaren argitalpen-zerbitzuan aritu zen lanean zuzentzaile gisa. Dena den, bere bizibideaz gain idazle izatea izan du gogokoen, beti ere armagintzaren eta grabaketaren inguruan.
