Burdinbidea
Burdinbideak aldaketa ikaragarria ekarri zuen denborari eta espazioari buruzko ikuspegian. Aurrerapenaren, modernitatearen ikurra izan zen, eta joritasuna ekarri zuen iritsi zen toki guztietara. Eraiki zen lehenengo burdinbidea Bartzelona-Mataró (1848) izan zen, eta Euskadin handik 13 urtera ezarri zen.
Hasieran, burdinbidea zen garraiobiderik azkarrena eta ekonomikoena, baina ibilgailuen zirkulazioak egiten zion lehiak gainbehera ekarri zuen, eta bide estuko burdinbide asko azkenean itxi egin behar izan ziren. Iraun zutenak Espainiako Burdinbideen Enpresa Publikoan (FEVEk) integratu ziren 1972an, EuskoTren sareari atxikita.
Sare zabal horren burdinbide-ondarea osatzen duten elementuak asko dira: tren-makinak, funikularrak, biaduktoak, zubiak, bestelako makinak, geltokiak… Hiri handietako geltokiak, Gasteiz, Donostia eta Bilbokoak esate baterako, arkitektura handientsuarengatik nabarmendu ziren. Geltokiak hirietarako sarbidea ziren eta, horren ondorioz, aurrerapen teknikoei eta hiriko bizitzari lotutako aurrerapenaren isla. Geltokirik adierazgarrienak Bilboko Abando eta Concordia geltokiak eta Donostiako Norteko Burdinbidearen geltokia izan ziren.
Ezarri eta laster bihurtu zen trena Europako bidaiari-dentsitate handiena zuen garraiobidea, bereziki Gipuzkoan, eta 1926an jadanik 353 km burdinbide zeuden eraikita.
Bilbo-Tutera Burdinbidea, 1864.
Bilbok ordurako galduta zuen Norteko Burdinbidea Bilbotik igarotzea lortzeko Donostiarekin izan zuen lehia. Bilboko burgesiak lotura zuzena nahi zuen mugarekin Donostiaren bidez, eta Norteko Burdinbidearekin lotzeko Bilbo-Tutera burdinbidea finantzatu zuen.
Bizkaiko Burdinbide Nagusia Norteko Burdinbidearekin Zumarragan lotzeko asmoz eraiki zen. Geroago, beste sustatzaile batek Elgoibar eta Donostia arteko burdinbidea eraiki zuen 1901ean, Zumarragan linea aldatzeak eragin zitzakeen eragozpenak ekiditeko. Baina Bilbo ez zen mugarekin behin betiko 1913an topo izena jarri zitzaion burdinbidea eraiki zen arte lotu.
Bilbo-Portugalete Burdinbidea,1888
Handik pixka batera Bilbo-Portugalete burdinbidea eraiki zen, Bilbo eta Ezkerraldeko udalerriak lotzen zituen burdinbidea. Ezkerraldea garai horretan Euskadiko lantegigunerik garrantzitsuena zen, eta Norteko Burdinbidearekin Cantalojas eta Olabeaga artean 1895ean egindako burdinbide-adar batekin lotu zen. Burdinbideak, aldi berean, industria berriak erakarri zituen, burdinbidean zehar kokatzen joan ziren eta hainbat geraleku egin behar izan ziren.
Roblako Burdinbidea,1894
Roblako Burdinbidea Leongo meatzeetatik ikatza Bizkaiko burdingintzako lantegietara garraiatzeko eraiki zen. Estatuan eraiki zen bide estuko burdinbiderik luzeenetakoa izan zen, guztira 340 km egiten baitzituen. 1900ean beste burdinbide bat proiektatu zen Balmaseda eta Lutxana artean, Bizkaiko Labe Garaiekin eta Itsasadarreko kaiekin lotzeko.
Norteko Burdinbidea,1864
Norteko Burdinbidea Estatuko hiriburua iparraldeko portuekin eta mugarekin lotzeko eraiki zen. Madril Irunekin lotu zuen, Burgostik eta Donostiatik pasatuz. Burdinbide nagusietako bat zenez, instalazioak pixkanaka-pixkanaka zabalduz joan ziren altzairuzko errailak jarriz edota bide bikoitza eraikiz, Beasain eta Altsasu artean (1909), eta Irun eta Beasain artean (1911). Horrez gainera, 10 geltoki zituen: Zumarraga, Beasain, Tolosa, Donostia, Pasaia eta Irun; Hernani eta Andoaingoak nabarmendu ziren, eta, batez ere, Donostiakoa. Trenaren bidea egiteko orografia konplexua menderatu behar izan zen, eta 14 tunel eta biadukto bat egin behar izan ziren (Salerra, 114 m).
Urolako Burdinbidea,1926
Bide estuko burdinbidea izan zen, Zumarraga eta Zumaia lotzen zituen. Bigarren mailako burdinbidetzat hartu zenez, bide estua aukeratu zen burdinbidea egiteko. Urola Ibaian zehar eraiki behar izan zen, bertako orografia menditsuari aurre eginez, eta, horren ondorioz, azpiegitura ugari eraiki behar izan ziren: 29 tunel eta 20 zubi, 36 kilometroko burdinbidea egiteko. Gaur egun Urolako Burdinbidea Azpeitiko Burdinbidearen Museoaren elementu erakargarrienetako bat da.
Arabako burdinbide-sarea garapenaren trena deiturikotik kanpora geratu zen, ez baitzuen Bilborekin lotzea lortu. Araban ez zegoen burdinbidea eraikitzeko enpresak finantzatzeko behar adina diru.
Arabatik hiru burdinbide igaro ziren: Norteko Burdinbidea, Bilbo-Tutera Burdinbidea eta Anglo-Vasco-Navarro deitu zena.
Anglo-Vasco-NavarroBurdinbidea (1879)
Arabako burgesiaren ekimena izan zen. Dena den, burdinbidearen eraikuntzaren kudeaketa guztiz txarra izan zen eta atzerapen handiak izan zituen. Lehenengo zatia (18 kilometro), Gasteiztik Leintz-Gatzagarakoa, 1889an jarri zen abian, eta bi urte behar izan ziren eraikitzeko, eta, gainera, galerak eragin zituen, oso bidaiari gutxi baitzituen. Handik urte batzuetara berriz ekin zitzaion proiektuari, eta Lizarrarainoko zatia eraiki zen Bergarako Labe Garaietatik igaro ondoren. 1927an amaitu zen.
