HISTORIA

Ehungintza

Industria-aroaren aurretik, ohiko gauza zen landa-inguruan eskuzko ehundegiak izatea etxeetan, bertako merkatuetara bideratzen zituzten enpresarien kontrolpean.
Manufaktura-sistematik sistema mekanikorako urratsa esparru berriak eraiki zirenean —lantegiak, alegia— eta esku-lana kontratatzen hasi zenean egin zen. Gipuzkoako lehenengo lantegiek kotoia erabiltzen zuten lehengai gisa. Administrazioak Espainiako merkatuan inportazioetatik babesteko protekzionismoa ezarri izanak garai bateko instalazioak modernizatzera bultzatu zituen industrialari asko, eta, era horretara, atzean utzi zuten ekoizpen manufakturatua.

Gipuzkoan lau enpresa nabarmendu ziren: Urnietako Orio lantegia (1845), Andoaingo La Algodonera Gipuzkoana (1858), Bergarako Algodonera de San Antonio (1846) eta Billabonako Subijana y Cia lantegia. Gipuzkoan tradizio handia izan zuen beste lantegi-multzo handi bat artilea lantzen zuena izan zen. Sektore horrek laster jakin zuen garai berrietara egokitzen eta sistema mekaniko berriak eskuratu zituen; horri esker, sortzen zituen produktuak, batez ere mantak, oso ezagunak izan ziren lurralde osoan. Artilearen sektorea Tolosan, Errenterian, Billabonan, Hernanin, Azkoitian eta Urretxun kokatu zen, eta enpresarik garrantzitsuenak Pedro Lesperut, Reverdy y Cia, artilezko txalak egiten zituen Doussinague ehun-lantegia, Fabril Lanera enpresa eta Papelera Españolaren feltro-atala izan ziren. Azkenik, La casualidad izena ere hartu zuen Antonio Eloseguiren txapel-lantegia ere aipatu behar da.

Bizkaian, ehungintza sektore subsidiarioa zen, eta ekoizpenak bertako industriak hornitzen zituen, ontziolak, irin-lantegiak eta espartin-industria, besteak beste. Dena den, bi adibide nabarmen daitezke: Mirafloreseko Lentzeria lantegia eta Balmasedako La Encartada txapel-lantegia.

Fábrica de Boinas La Encartada. Balmaseda. Gipuzkoa. Fuente: Museo Fábrica de Boinas La Encartada

Fábrica de Boinas La Encartada. Balmaseda. Gipuzkoa. Fuente: Museo Fábrica de Boinas La Encartada

Ehungintzaren prozesua, laburbilduta, honako hau izaten zen: ehun-zuntza prestatzea, irutea, ehuna egitea, tindatzea eta bolatzea.

Ehun-zuntza prestatzeko mototsak (artilearen kasuan) edo matazak (kotoiaren kasuan) desegin edo zuntz gabetu behar ziren, zuntzez zuntz lehengaia gero irun ahal izateko ahalik eta ile-sortarik erregularrena bihurtzeko.

Iruteko fasean aurreko fasetik sortutako ile-sortak hari bihurtu behar ziren. Hariaren zuntzek tenkatuta eta bihurrituta egon behar zuten iraupena areagotzeko (1). Lan hori egiten zuten eta bilakaera teknikoaren bi uneren adierazpen diren bi makinak selfaktina eta iruteko makina jarraitua dira. Selfaktinak bi alditan iruten zuen: lehenengo orga batean antolatutako hariak tenkatzen zituen, orga gelditzen zenean, ardatzek bira egiten zuten eta haria bihurritzen zuten, orga berriz bere tokira itzultzen zen eta bobina batetik haria hartzen zuen. Selfaktinaren bilakaera iruteko makina jarraitua da; makina honek haria tenkatu, bihurritu eta ardatzean bildu aldi berean egiten zuen (1.1.).

Ehuna egiten hasteko, aldez aurretik irazkia eta anezkako haria prestatu behar ziren ehungailuan (2). Ehungailuan luzerako hariak, irazkia, alegia, zeharkako hariekin, bilbearekin alegia, gurutzatzen ziren anezkaren bidez (2.1.), eta askotan errepikatzen zen prozesuaren ondorioz ehuna sortzen zen (2.2.).

Tindatzen hasi aurretik, lehenengo urratsa ehuna dekolorazio kimikoaren bidez zuritzea izaten zen, zuntz naturalen kolore-desberdintasuna berdindu eta zuntzari erantsita egon zitezkeen argizariak eta koipeak kentzeko. Tindatzea koloragaien bidez ehun-zuntzei kolorea emateko prozesua zen. Prozesua tindu-ontzi batzuetan egiten zen (3). Ehuna, tindatu ondoren, zentrifugatu eta lehortu egiten zen.

Bolatzea zen artilezko ehunetan egiten den azkeneko prozesua, akabera atseginagoa lortzeko, oihalaren modukoa, egiten zen. Zuntz honen egitura ezkatatsuaz baliatuz, xaboidun disoluzio baten bidez eta ehuna bolan kolpatuz zuntzak trinkotu egiten ziren euren artean (4).