HISTORIA

Herri lanak

Industrializazioak aldaketa ikaragarriak eragin zituen gizartearen, osasunaren eta hirigintzaren arloan, eta aldaketa horiek, aldi berean, espazio-arazo ugari eragin zuten. Oso denbora laburrean, industria-jarduerarik handiena zuten hiriguneetan biztanleriak gora egin zuen eta, horren ondorioz, espazio publikoa berriz antolatu behar izan zen higienearen eta segurtasun publikoaren arloan ezarri ziren parametro berrietara egokituz. Estolderia eta ura arazteko sistema berriak eraiki ziren, besteak beste, Elorrietako ur-ponpagailuaren gunea Bilbon; merkatuak, besteak beste, Tolosakoa; ikuztegiak; hiltegiak; zubiak, besteak beste, Bizkaia zubia; igogailuak; dikeak; burdinbideak; geltokiak; eta argiteria publikoa. Berrikuntza teknologikoei eta zientifikoei esker egitura berriak eraiki ahal izan ziren, material berriak erabiliz, batez ere, hormigoia eta burdina/altzairua, azken hau Bessemer eta Martin-Siemens galdategi-sistema berriei esker, haiek altzairua merkeago ekoizten baitzuten. Dena den, material berri horien erabilpenak eztabaida bat sortu zuen, altzairuak zituen aukera estetikoei buruzkoa, alegia, ez zen paisaian aurkitzen eta material artifiziala zen.

Merkatuak

Industria-aroko lehenengo merkatuak XIX. mendearen amaieran eraiki ziren, salmenta ibiltaria kokatzen zen plaza zaharretan, eta helburu bikoitza zuten: kontrol fiskal handiagoa egitea eta elikagaiak higiene-egoerarik onenean saltzen zirela bermatzea. Lehenengo merkatu haien egiturak burdinez eraiki ziren, irekiak ziren, goitik sartzen zen argia eta aireztapen ona zuten. Ikus Tolosako merkatua. Dena den, biztanleria etengabe ari zenez hazten, premia berriak sortu ziren eta hasierako egitura haien ordez eraikin estaliak, handiagoak egin behar izan ziren, hormigoi armatuz, harriz eta zementuz. San Martin (1882) eta Bretxako (1871) merkatuak (biak ere Donostian), eta Deba (1910), Beasain (1912) eta Ordiziako (1923) merkatuak eta Azkoitiko handizkako merkatua (1926) dira adibideetako batzuk. Bilbon ere eraiki ziren metalezko egitura zuten merkatuak, La Riberakoa eta Zabalgunekoa, esate baterako.

Hiltegiak

Hiriguneetatik kanpora kokatzen ziren eraikin itxi hauen eginkizuna abereen haragiaren manipulazioaren higiene-egoera eta kontrol fiskala zaintzea ere bazen. Hiltegietan sistema mekaniko berriekin hiltzen eta larrutzen ziren abereak. Eraikinak ederki emateko eta barruan egiten zena ongi egiten zela adierazteko, irudi ona emateko, eraiki ziren.

Argiteria publikoa

Aurrerapen teknikoei eta energia-iturri berriak –hidraulikoa, lurruna eta gasa– aurkitu izanari esker, goitik behera aldatu ahal izan zen hirigune handietako biztanleen bizitza argiteria publikoarekin. Era horretara hiri modernoa sortu zen, argiz betetako kaleekin. Lehenengo argiteria publikoek gasaren bidez funtzionatzen zuten, Bilboren kasuan Máximo Aguirrek udaletxetik hurbil zegoen Gasaren Plaza ezagunean ustiatzen zuen gasometroarekin, eta Donostiaren kasuan gas-fabrikarekin; Bilbokoak baino hainbat urte gehiago jarraitu zuen funtzionatzen. Gasaren bidez argia lortzea nahiko sinplea zen: kasu honetan harrikatzaren destilazioaren bidez lortutako gasa hodi-sistema baten bidez argiteria publikora banatzen zen eta erretzen zenean argi bihurtzen zen. Dena den, Bilbok 1890ean baztertu zuen gasaren bidezko energia-sistema eta lehenengo zentral termoelektrikoetako bat instalatu zen hirian. Termoelektrizitateak lurrunezko makinen bidez sortzen zuen elektrizitatea, lurrunezko makinak ikatzak elikatzen zituen, eta, generadoreei lotuta argindarra sortzen zuten.

Bilboko aparamenak

Bilboko ibai-portuan mugimendu handia egoten zen itsasontzien joan-etorriekin eta merkataritzarekin. 1894an, itsasontzietan etorritako salgaiak husteko hainbat egitura eraiki ziren. Ibaiaren eskuinaldean hiru eraiki ziren: Antzokiko moilan (Arriagaren atzean), Salben eta Sendeja-Areetakoak; eta ezkerraldean bi: Erripan eta Uribitarten. Gaur egun Bilboko Udala Sendeja-Areetakoak berritzen ari dira. Egitura horiek osagai estetiko argia zuten: 6 metroko garaiera, zutabe ildokatuak eta kapitelak, burdinazko teilak eta egurrezko zorua.