HISTORIA

Bizkaia zubia edo Zubi Esekia

Kokapena

  • Lurraldea: Bizkaia
  • Herria: Areeta (Getxo)
  • Herri lanak

Zubi Esekia jende askorentzat Bizkaian oso aberatsa izan zen garai industrialaren ikurra da. Munduan eraiki zen era horretako lehenengo zubia izan zen, nahiz eta beste biren proiektuak eginda egon jadanik Ipar Amerikako New York (1868) eta Middlesborough (1873) hirietarako.

Zubiko lehenengo txalupa. Iturria: Bizkaiko Transbordadorea s.l. elkartea

Zubi Esekia Bilboko itsasadarren bi ertzen arteko komunikazio-arazoak arintzeko eraiki zen; arazo horiek itsasontzien trafiko trinkoak eragiten zituen, eta egoera areagotu egiten zen marearekin eta uraren gora-beherekin. Arraunek eraginda ibiltzen ziren txalupetan ia milioi erdi bat bidaiari garraiatzen ziren urtean alde batetik bestera.

Makina-gela. Iturria: Bizkaiko Transbordadorea s.l. elkartea.

Espekulazio ugari egin dira proiektuaren egilearen gainean, eta arrazoi osoz, gainera. 1887ko azaroaren 5ean, bi gizonek, Alberto Palaciok (ingeniaria bera) eta Fernando José Arnodinek (zubi esekietan espezializatutako ingeniari-eraikitzailea) ezaugarri berberak zituzten proiektuak aurkeztu zuten bakoitzak bere aldetik, plano berberetan oinarrituta, batek Bilboko Gobernu Zibilean eta besteak Parisen. Aztarna guztien arabera, jatorrizko ideia, zubi baten gainean eta ontzitxo eseki batekin altuera batean itzulikatuko litzatekeen orga bat eraikitzeko jatorrizko ideia, Palaciorena izan zitekeen. Baina Arnodinek zubi esekiaren mekanismoa asmatu zuen, esperientzia baitzuen kable bidezko zubigintzaren teknikan.

Iturria: Bizkaiko Transbordadorea s.l. elkartea

Lanek hiru urte iraun zuten, eta makina bat arazo izan zituzten Palacio ingeniariak eta egitura metalikoaren ardura zuen Arnodinen enpresak; izan ere, lehenengoak behin baino gehiagotan aldatu zuen jatorrizko proiektua, eta horrek ezinegona eragiten zion bere enpresaren interes ekonomikoak aldezten zituen eraikitzaileari. Zubia eraikitzeko 21.041 torloju, altzairuzko 88.248 kg kable eta 728.447 kg burdina ijeztu behar izan ziren. Funtzionarazten zuen lurrun-galdara Areetan zegoen eta ontzitxoak ordu-erdiero ekiten zion bere ibilbideari, beti Portugaleteko geltokiko dorreko erlojuaren arabera.

Zubiaren diseinuaren alderdirik nabarmenenak hiru dira: bat, dorre garaiek toki gutxi hartzen zuten bi aldeetan, eta, ondorioz, ez zuten oztopatzen ibaiadarreko trafiko itoa. Bi, pertsonak eta ibilgailuak esekitako ontzitzar batean garraiatzea erosoa, ziurra eta azkarra zen, ez baitzioten trabarik eragiten ez korronteek, ez olatuek, ez behe-lainoak. Hiru, plataformaren esekidura-tiranteen sistemak eragotzi egiten zuen haizeak edota mugimenduak berak eragin zezaketen kulunkada.

MARRAZKIA: zubiaren zatiak

1- Dorreen zimenduak egiteko 10 metroko sakonerako zuloak egin ziren, Santa Klara Haitza alderik alde zulatu zuten eta haitzean pago-enbor hezeak sartu zituzten. Areetan, lurra hondartsua zenez, enborrak mortero hidraulikoz ainguratu ziren.

2- Euskarriak. Egitura teinkatzen duten altzairuzko zortzi kable dira, 400 metro luze direnak. Kable bakoitza 130 alanbre txikik osatzen dute.

3- Igarobidea 27 piezak osatzen dute. Banan-banan igo ziren gabarra baten bidez.

4- Metalezko egituraren osaketa:

a. 51 metroko metalezko lau dorre, bi alde bakoitzean eta altzairuzko kablez lotuta.

b. 165,60 metroko taula, jatorriz San Andresko habe gurutzatu batez egina, eta kaitik 43 metroko altueran esekita. Ontzitxoa.

c. Hasierako ontzitxoak lehenengo klasea (bidaiariak eserita eta aterpean) eta bigarren klasea (gurdien ondoan eta aire zabalean) zituen; 12 gurdi eta 200 pertsona eraman zitzakeen.

Lehenengo kontrol-postua Areetan zegoen, bi dorreen artean, baina gerra zibilaren ondoren egindako birmoldaketaren ostean Portugaleteko aldean eraiki zen, ontzia hartzen zen tokian.

Azkeneko birmoldaketan igogailu panoramiko bat eta oinezkoentzako igarobide bat eraiki ziren.

Telefonoa

94 480 10 12 - 94 463 88 54

Webgunea

http://www.puente-colgante.com/

E-posta

transbordador@dominio.es

Zerbitzuak

Etengabeko zerbitzua, egunean 24 orduz – Urtean 365 egunez. Ibilgailu bakoitzeko baimendutako gehienezko pisua 10 tonakoa da. Bidaiaren gaur egungo iraupena 1’5 minutukoa da, eta 8 minutuz behin egiten dira. Informazio zehatzagoa jaso nahiz izanez gero, jarri harremanetan gurekin.