HISTORIA

Elorrietako ur ponpagailua

Kokapena

Elorrietako ur-ponpagailua Bilboko ur beltzak ubideratzeko proiektuaren parte bat da. Recaredo de Uhagón ingeniariak eraiki zuen 1904an, Bilbok kolera-izurrite bat jasan ondoren. Saneamendu-sistemak ezeztatu egin zituen putzu beltzak eta ubide- edo estolda-sare berria eraiki zen Bilbo osoko ur zikinak biltzeko, ondoren puntu altu batera ponpatzen zituen, ponpa-etxetik hurbil, eta handik itsasora bideratzen, Getxo inguruan. Ur beltzak bideratu eta, ondoren, husteko, Bilbo Zaharretik eta Atxuritik hasten zen ubide-sistema bat, hiru kolektore –bi ibaiaren ezkerraldean eta bat ibaiaren eskuinaldean– eta bi sifoi –bat Merceden eta bestea Deustun– eraiki ziren, eta ura Zorrozaurren eraikitako 12.000 metro koadroko biltegi handi batera eramaten zuen.

Elorrietako ponpa-etxea. Elorrietako ur-ponpagailua. Deiker Artxiboa/Santi Yaniz.

Elorrietako ponpa-etxean lurrin-makinak, ponpak eta galdarak, konponketa-lantegia eta sutegia zeuden. Puntu horretan ponpatutako urak La Galearaino (Getxo) bideratzen ziren desnibelaz baliatuz eta sei metro diametroko eta hamar kilometro luzerako hodi baten bidez.

Galdara-gela. Elorrietako ur-ponpagailua. Iturria: Deiker Artxiboa/Santi Yaniz.

Saneamendu-sistema moderno hau eraiki zenean, Bilbok 63.900 biztanle zituen, eta ibaiadarreko ur kutsatuaz hornitzen ziren. Garai hartan ez zegoen ur zikinak bideratzeko sistemarik eta, horren ondorioz, zuzenean ibaiadarrera isurtzen ziren. Horrexek eragin zuen, hain zuzen ere, Bizkaiko altzairugintza eta meatzaritza geldiarazi zituen kolera-izurritea. Recaredo de Uhagónek 100.000 biztanleko hiri baterako diseinatu eta kalkulatu zuen, eta abian jarri eta handik urte gutxi batzuetara Bilbo uste baino askoz ere gehiago hazi zen; hala, hamarkada gutxi batzuetan instalazioak zaharkituta geratu ziren. Gerra Zibilaren ondoren, Deustuko auzora mugatu zen.

Dorre trapezoidala. Elorrietako ur-ponpagailua. Iturria. Deiker Artxiboa/Santi Yaniz.

Dena den, Bilboko saneamendu-proiektua aitzindaria izan zen planteamenduan eta diseinuan, hain zuzen ere, hormigoi armatua erabili zelako, hamar kilometroko hodi-sistema eraiki zelako eta arazketa-sistema berriak instalatu zituelako.

Elorrietako Ponpagailua Ondasun Kultural Kalifikatu katalogatu zuen Jaurlaritzako Kultura Sailak 1984an, baina instalazioak bertan behera utzita zeuden eta batere zaindu gabe; azkenean instalazioak eta bertan zeuden makinak lapurtu egin zituzten.