Iringintza
Garia irin bihurtzeko prozesuaren industrializazioa XIX. mendea aurrera zihoala gertatu zen, biztanleriak gora egin ahala ogiaren eta ogiaren eratorrien eskaerak ere gora egin zuenean.
Irinaren ehotze industriala sistema austro-hungariarrari lotuta dago. Sistema horretan alea sei aldiz segidan ehotzen zen irin fin eta uniformea lortu arte. Sistema austro-hungariarrean irindegiak hainbat solairutako eraikinak ziren, eta irina garbitzeaz, egokitzeaz, ehotzeaz eta ontziratzeaz arduratzen ziren makinak solairu desberdinetan antolatuta eta hodi-sistema batez elkarrekin lotuta egoten ziren, era horretara grabitate-indarraz baliatzeko gaia batetik bestera eramateko.
Bilboko Harino Panadera irin-lantegiko plansichterra. Deiker Artxiboa/Santi Yaniz
Era berean, lantegi horiek ibai ertzetan eta trenbide-ardatz nagusietatik hurbil kokatu ziren estrategikoki. Halaxe kokatuta zeuden Molinos Vascos, Fábrica de Harinas del Pontón, Las Ceres eta Harino Molinera irindegiak Bilbon. Ugalde y Cía, Vda. De Londaiz, Ubarrechena y Cía ziren Gipuzkoako lantegietako batzuk. Arabako Harinera de Salvatierra izan zen Euskadiko lehenengo lantegia (1848): Abetxukoko El Ancora (1854), Langraizko Harinera de Sorbías, eta Behe Erriberako Harinera de Manzanos izan ziren haren ondoren.
Irinaren ekoizpen-prozesu industrial konplexua ulertzeko, garrantzitsua da gari-alearen zatiak zein diren jakitea. Gari-aleak hiru zati ditu: bat azal babeslea da, eta azal horrekin egiten ziren irinak animalientzako pentsua egiteko erabiltzen ziren; bestea endosperma edo ehun irintsua da, eta hau txikituz ogia egiteko irina ateratzen zen; hirugarrena enbrioia da, zati bizia, alegia, kendu egin behar izaten zena irinaren iraungitzea ez zedin bizkortu. Ekoizpen-sistema osoa zati irintsua ehotzearen inguruan antolatzen zen.
Alea garbitzea alea eta lastoa, hautsa, harriak edota bestelakoak bereizteari esaten zitzaion, eta, horretaz gainera, kanpoko azala eta alearen hozia ere banantzen ziren. Prozesua konplexua zen eta hiru solairutan kokatuta zeuden eta euren artean lehen aipatu ditugun hodien bidez lotuta zeuden hainbat makinak parte hartzen zuten.
Egokitzearen helburua gari-alea 24 orduz gordailuetan hezetzea zen, zati irintsuaren azala kentzea errazagoa gerta zedin. Hortik beheragoko solairuan zegoen makina satinatzailera igarotzen zen, eta bertan alearen bigarren eta hirugarren geruzak banatzen ziren. Hori gertatzen zen, bada, alea gordailutik satinatzailera jausten zen unean kolpean hozten zelako, eta, ondorioz, azala pitzatu egiten zen eta, era horretara, errazagoa gertatzen zen aleari azala kentzea.
Hodiak. Bilboko Harino Panadera irin-lantegia. Deiker Artxiboa/Santi Yaniz
Ehotzeko prozesuan ia erabat garbituta zegoen alea pixkanaka-pixkanaka irin bihurtzen zen. Prozesu horretan hiru makinak esku hartzen zuten: alea txikitzen zuen zilindro ildokatuko errotak (1), zama tamainaren arabera sailkatzen zuen plansichter makinak (2.1., 2.2., 2.3. eta 2.4.),eta semola garbia eta zikina bereizten zituen eta pisuaren arabera sailkatzen zuen sasor makinak (3). Karrakailua (4) semolaren itsaskinak bereizten zituen makina zen eta, azkenik, zilindro lauak (5, 5.1 eta 5.2.) zituzten errotek semolina irin bihurtzen zuten.
Zehatzago, ehotzeko prozesua, hau da, aleak irinaren aldera egiten duen bidaia, luzea eta oso konplikatua da. Saia zaitez bide hori galdu gabe egiten, hemen eransten dugun eskemari jarraituz:
- Garia xehatu egiten zuen lehenengo errota-multzoak zilindro ildokatuen bidez (1.1. eta 1.2.), eta horrekin birrinketa-prozesuari ekiten zitzaion. Ateratzen den produktu hori alea tamainaren arabera sailkatzen zuen Plansichter makinatik pasatzen zen.
- Ale-zatirik handienak bigarren errotara itzultzen ziren (1.2.), eta han berriz hasten zen birrinketa-prozesua.
- Tarteko tamainako zatiak edo semolak, sasor-makinaren filtrotik pasatzen ziren (3), eta bertan garbitasunaren arabera sailkatzen ziren. Semola garbiak errotara pasatzen ziren (5) bertan konprimatzeko, eta semola zikinak, hau da, oraindik ere hondakin-itsaskinak zituztenak, bereizketa-errotatik pasatzen ziren berriz ere (D), gero handik bigarren Plansichter batetik iragazteko (2.2.). Plansichter horretatik bi irin mota ateratzen ziren: batetik semolinak, azken konpresio-alditik igarotzeko jadanik egokiak (5.1. errota), eta bestetik bigarrenak, beste birrintze-aldi batetik igaro behar zutenak (1.4. errota), eta neurriaren arabera sailkatu behar zirenak (Plansichter 2.3.). Hirugarren Plansichter horretatik (2.3.), irinaren parte bat oraindik ere araztu egin behar zen, makina karraskagailuaren bidez (4), irinak itsatsita zeuzkan azken hondakinak bereizi ahal izateko. Makina karraskagailutik, irin garbia konpresio-errotatik igarotzen zen (5.3.) eta azkeneko Plansichter batetik (2.4.), eta hondakinak aparteko beste biltegi batera igarotzen ziren.
- Lehen Plansichter-etik ateratako semolinak (2.1) zuzenean zilindro lauak zituzten bigarren errota-motatik (5.1.) pasatzen ziren, eta han pixkanaka-pixkanaka irin bihurtzen ziren.
