HISTORIA

Meatzaritza

Historian zehar meatzaritzan aritu diren hainbat eremu eta eskualde izan dira Euskal Herrian. Mineral-hobirik garrantzitsuenak honako hauek izan dira: Gallarta, Ortuella, Muskiz, Sopuerta eta Galdames udalerrietako lurretan dauden Trianoko Mendiak eta Ollargan aldea (Bilbo) Bizkaian; Legazpi, Oņati, Zerain, eta Irun Gipuzkoan eta Lesaka Nafarroan. Dena den, Bizkaikoak beti Gipuzkoakoak baino emankorragoak izan dira.

Trianoko Mendietan erromatarren garaian ekin zitzaion meatzaritzari, baina XIX. mendera arte ez ziren minerala industrialki erauzteko sistema mekanizatuak erabiltzen hasi. Mekanizazioa mineral-hobiak pribatuak zirelako eta ustiaketa-sistema berri kapitalistak, kanpoko makinaria eta ingeniaritza ezarri zirelako izan zen hura posible. Dena den, XX. mendearen hasieran agortzen hasi ziren hobi nagusiak; gainbehera pixkanaka-pixkanaka gertatu zen eta 90eko hamarkadan itxi zen azkeneko meatzea.

Bizkaian hainbat eratako mineral oxidatuak ustiatu ziren. Hematite gorria burdina-kalitate handiena zuena zen, azalean topatzen zen eta, ondorioz, minerala erauzteko ez zen azpiegitura handien beharrik izaten, eta, hain zuzen ere, horrexegatik izan zen agortu zen lehenengoa. Kanpanil delakoaren burdina-legea apur bat apalagoa zen: mineral hau XIX. mendearen erdialdean hasi ziren erauzten, eta erauzketa areagotu egin zen altzairu bihurtzeko berrikuntza teknikoek (Bessemer bihurgailua) ustiaketa errentagarria izateko aukera eman zutenean. Dena den, mineral hau ere laster agortu zen. Azkenik, karbonatoa ere erabili zen, burdina-ehuneko txikiagoa zuen eta, gainera, zakarrak izaten zituen; hori zela-eta, kiskali egin behar izaten zen eta azpiegitura handiagoa ere behar izaten zen. Mineral hau Irungo hobietan ere ustiatu zen.

Meatzeetatik minerala ateratzeak prozesu bat jarraitzen zuen: meategian erauztetik eta lantzetik hasten zen, eta prozesuaren amaiera minerala trenetan eta itsasontzietan zamatzea izaten zen.

  1. Erauztea eta lantzea
    Minerala inguru geologikotik erauzteari deitzen zaio. Lehenengo, zulatzaileek haitza zulatzen zuten lehergailuak jarri ahal izateko, era horretara leherketa kontrolatuen bidez haitza zatikatzeko. Ondoren, zatitutako haitzak zatikatu egiten ziren pikotxekin, mazoekin eta ziriekin. Mineralik pobreena edota harriak baztertu, eta hondakindegietan pilatzen ziren. Fase bakoitzean erabiltzen ziren erremintak aldatzen joan ziren denborarekin, eskuzkoetatik mekanizatuetara.
  2. Mineral-garbitegiak
    Tromel izenekoak txapazko zilindro handiak ziren, konoan amaitzen ziren eta apur bat okertuta jartzen ziren. Garbitu beharreko minerala goitik sartzen zen, eta ura, aldiz, mineralaren aurkako aldetik, eta era horretara buztina errestatu egiten zen. Garbitutako minerala konoan zegoen ahotik ateratzen zen eta zinta garraiatzaile batera pasatzen zen, eta aukeraketa han egiten zen, eskuz; normalean lan hori emakumeek egiten zuten.
  3. Kiskaltze Labeak
    Kiskaltzeko labeek adierazten zuten meatzea jadanik agortuta zegoela eta bertatik burdina-lege eskaseko minerala bakarrik erauzten zela. Kiskaltzeko labeei esker % 10 eta % 20 inguru gehitzen zen burdina-legea, eta, gainera, zakarrak kentzen ziren eta pisua murriztu egiten zen, eta horrekin garraioa erraztu egiten zen. Karbonato ferrikoa labeetan sartzen zen, eta 24 orduz 900ē C-tik behera erretzen zen.
  4. Garraioa
    itsasertzerako garraio-sisteman nabarmendu zen gehien meatzaritzaren mekanizazioa, haztegiak zeuden mendietatik ekoizpena merkaturako bidean jartzen zuten ontziak han baitzeuden. Hainbat eta hainbat milioi tona mugitzeko era askotako azpiegitura handiak eraiki ziren, batzuk oso bereziak, eta askotan inbertsio handiak egin behar izan ziren, bai dirutan, bai asmakuntzetan.

    • Trenbidea
      Meatzeetako trenen sarea izan zen, seguruenik, meatze-konpainiek egin behar izan zuten inbertsiorik handiena, eta konpainia horietako batzuk altzairutegien jabe ere baziren. Haien artean The Orconera Iron Company Limited trenbidea (Lutxanatik Gallartara artekoa), Compaņia Franco-Belga (Barakaldotik Ortuellara artekoa), Luchana Mining Company (El Regatotik Oiolako Haranera artekoa) eta Galdamesko trenbidea izan ziren ezagunenak. Trenbide horietako gehienak joan den mendearen erdialdean edo bukaeran desegin ziren. Gaur egin, Galdamesko trenaren ibilbidea burdinbide berdea bihurtu da.
    • Plano inklinatuak
      Plano inklinatuak elkarren artean kable baten edo kate baten bidez lotutako bagonetak ziren, karril batzuetan irristarazten ziren desnibel handiko plano batean. Kontrapisuz funtzionatzen zuten, mineralez beteta jaisten ziren bagonetek hutsik zeudenak igoarazten zituzten. Plano inklinatuak meatze barruan pertsonak, minerala eta sobera geratutako materiala garraiatzeko erabiltzen ziren. Ustiaketak aurrera egin ahala, plano inklinatuak desegin egiten ziren eta ekoizpena handiagoa zen beste toki batzuetan instalatzen ziren.
    • Baldeen aire-lerroa
      Aireko tranbiak edota baldeen aire-lerroek airean esekitako eta egurrezko edo metalezko astoetan oinarri hartutako kable batzuen bidez eutsitako balde batzuetan garraiatzen zuten minerala. Kableak motor batek mugiarazten zituen, eta ibilbide zirkularra egiten zuten zamatzeko eta husteko geltokien artean.

Minerala kargatzeko tokiak

Zamalekuak minetako lanarekin hasitako ekoizpen-katearen amaiera ziren. Trianoko Mendietatik eta Galdamesetik minerala eramaten zuten trenbideek Itsasadarrean, Barakaldon eta Sestaon zituzten zamalekuak. Egurrezko egiturak izan ohi ziren, eta egituraren gainetik bagonetek zuzenean itsasontziaren sotoetan husten zuten minerala. Sistema horren bilakaera, gerora, zinta garraiatzaileak izan ziren. Itsasoan ere eraiki ziren zamalekuak, Muskizen, esate baterako; meatzeetatik hurbilago zeuden baina ez ziren hain seguruak, itsasoaren eta eguraldiaren baitan egoten baitziren.