HISTORIA

Euskalduna ontziolak

Kokapena

1900. urtean, Ramón de la Sotak Compañía Euskalduna de Construcción y Reparación de Buques sortu zuen. XX. mendeko lehenengo hamarkadan Euskal Herriko altzairuzko eta lurrunezko lehenengo ontzien ereduak atera ziren bertako ontzioletatik. Itsasontziez gainera, Euskalduna ontzioletan automobilak, trenbideetarako materiala, zubietarako estalkiak, galdarak eta beste hainbat gauza egin ziren, eskaera handirik ez zegoelako eskaintza dibertsifikatu egin behar izan zen garaian. Ontziolak 90.000 m2 izatera iritsi ziren, eta gaur, lekuko gisa, Carola garabia, dike lehorrak eta ponpa-etxea bakarrik geratzen dira.

Carola garabia (1957) bere garaiko garabirik indartsuena izan zen –30 tona–, eta harmailan blokeak muntatzeko eta aurrez fabrikatzeko lanetan aritu zen lehenengoa. Itsasontziei ahokatu behar zitzaizkien pieza handiak batetik bestera mugitzen aritzen zen soldadura-sistema ezarri zen garaian; izan ere, plantxa handi eta astunak fabrikatu behar izaten ziren. Carola martxan egon zen Euskalduna ontziola itxi zen arte, eta ontzigintzan aritu zirenetatik une honetan Bilbon dagoen garabi bakarra da.

XX. mendeko lehenengo hamarkadarako ontziolek hiru dike zituzten. Lehenengoa, ontziolaren hasierako urteetan jadanik eginda zegoena, ontziak eraikitzeko erabili zen eta 100,75 m luze eta 16,45 m zabal zen. Bigarren dikea konponketak egiteko erabiltzen zen, eta 103,95 m luze eta 28,00 m zabal zen. Hirugarren dikea zen handiena, eta tona gehiagoko itsasontziekin lan egiteko aukera ematen zuen. Bi ataka zituen, bat sartzeko eta bestea dikea luzean bi zati independentetan egiteko, eta uretaratze-lanetarako erabiltzen zen. Dikea hutsik eta garbi zegoenean eta itsasontziak kroska margotuta zuenean, ataka bat irekitzen zen; ibaiadarrarekiko maila-aldea zela-eta ura sartzen hasten zen itsasadarreko uraren maila berera iritsi arte eta, era horretara, ontzia flotatzen hasten zen pixkanaka. Gero, ataka zabaltzen zen eta atoi-ontzi baten bidez itsasontzia hornidura-kaira errestatzen zen.

Carola Garabia. Iturria: Bilboko Itsasadarreko itsas Museoa

Ponpa-etxea 1903an eraiki zen. Aitzindaria izan zen bere garaian, hormigoi armatuz egindako habeekin egin baitzen, eta horri esker espazio garden bat diseinatu ahal izan zen.

Barruan xukatzeko ponpak kokatu ziren, dikeko ura ponpatzeko dikea hustu egin behar zenean lehor mantentzeko. Lehenengo motorrak lurrunezkoak izan ziren, baina gerora motor elektrikoak jarri ziren lurrunezkoen ordez.

Telefonoa

902131000

Webgunea

http://www.museomaritimobilbao.org/