HISTORIA

Sektore siderometalurgikoa

Burdingintza tradizionala

Burdina-minerala eraldatzeari lotutako jarduera guztiz garrantzitsua, garrantzitsuenetako bat, izan da Gipuzkoako eta Bizkaiko ekonomian. Industria hori inguru horretan oinarrizko hiru elementu zeudelako garatu ahal izan zen batez ere: burdina-hobi garrantzitsuak (batez ere Somorrostron), sare hidrografiko zabala eta ur-jauzi ugari hauspoei eta gabiei eragiteko eta labeetan kopuru handian behar izaten zen egur-ikatz bihurtzen ziren zuhaitzak, baso oparoak betetzen zituztenak.

Burdingintza tradizionala erromatarren garaian hasten da. Garai hartan burdina trinkoa lortzeko minerala egurats zabalean urtzen zen lurrean erdi sartuta egoten ziren beheko labeetan; Bizkaian mendiko ola edo haizeola deitzen zitzaien.

El paso de la siderurgia tradicional a la siderurgia moderna

XII. mendean olak espazio itxietan kokatu ziren, ur-ibilguetatik hurbil, hain zuzen ere, ur-jauziek hauspoei (5) eta gabiei (3) eragiteko moduan. Burdinola hidraulikoak ziren, eta bertan ikaztegiak, biltegiak eta labeko hauspoei eta mailuari eragiteko azpiegitura hidraulikoa (presa, ubidea, antepara eta gurpila) egon ohi ziren. Labeetako hormak adreilu edo buztin erregogorrez estalita egoten ziren, eta barrura txandaka botatzen ziren burdina-minerala eta egur-ikatza. Masa berotzeko prozesua bizkortzeko, haizea ematen zitzaion hauspoen bidez haizebide (2) batzuetatik; nahiz eta metodo honek prozesua bizkortu egiten zuen ez zuen minerala urtzeko behar adinako tenperatura lortzeko aukerarik ematen, eta, horregatik, masa goria labetik ateratzen zen, mailu edo gabiaren kolpeen bidez zakarrak kentzen zitzaizkion eta totxo (4) bihurtzen zen.

XVIII. mendearen amaiera aldera hainbat faktoreren eraginez gainbehera etorri ziren burdinola tradizionalak: ikatzaren kostuak gora egin zuen eta atzerapen teknologikoa zela-eta ezinezkoa zen kanpotik ekarritako produktuekin prezioan lehiatzea. Testuinguru horretan eraiki ziren lehenengo fanderiak, eta jakituria ilustratuaren emaitza gisa teknologia aurreratuagoa ezartzen hasi ziren.

Burdingintza modernoaren sorrera

Dena den, Euskadin, manufaktura tradizionalak alde batera utzi eta burdinaren egiazko ekoizpen industrialari ekiteko aukera XIX. mendearen erdialdean sortu zen, zeharkako galdaketa-sistema berria edo labe garaia ezarri zenean, mende bat lehenago Ingalaterran erabiltzen hasi zena eta egur-ikatzez eta Bessemer eta Siemens-Martin bihurgailuez elikatzen zena. Aurrerapen tekniko horiei esker gehiago ekoizten zen, ekoizten zenak kalitatea hobea zuen eta, gainera, kostuak murriztu egin ziren. Burdina eta altzairua merkeagotu zirenean beste sektore batzuetako eskaerak ikaragarri egin zuen gora, besteak beste, eraikuntzan, herri-lanetan (zubiak, bidezubiak, merkatuak, eta abar), ontzigintzan, trenbideetan, industriako makinaren sektorean, eta beste hainbatetan.

Bestalde, Bessemer sistemak burdina altzairu bihurtzeko aukera ematen zuen aire beroaren zurrustak sartzen zituen deskarburazio-prozesu baten bidez (6). Sistemak produktuaren ekoizpena eta kalitatea hobetzea lortu zuen mineral gutxiago kontsumituz, eta, gainera, Bizkaiko meatzeetatik ateratako fosfatorik gabeko mineral bat erabiliz. Horregatik guztiagatik, esan daiteke Bessemer sistema sartu izanari esker bihurtu zela Bizkaia Espainiako altzairuaren hiriburu.

Bizkaiko Labe Garaiak

Bizkaiko Labe Garaiak enpresa Euskadiko eta, segur aski, Estatu osoko altzairutegirik garrantzitsuenetako bat izan zen. Bizkaiko Labe Garaiak enpresa La Vizcaya eta AHB enpresek 1901ean bat egin zutenean sortu zen. Geroago La Compañía Anónima La Iberia ere elkartu zitzaien; integrazio bertikal tipikoa izan zen, burdina eskuratzetik hasi eta kontserba-potea egiterainokoa. Ordutik aurrera enpresak gora egiten jarraitu zuen etengabe, nahiz eta izan zituen etenaldi labur batzuk gerra zibilaren garai batzuetan. Urte horietan guztietan, enpresa zabaltzen joan zen lantegi berriak sortuz (Barakaldo eta Sestao) eta ekoizpen-sistema berriak eta une bakoitzeko teknologia berrikuntzak sartuz: zentral elektriko berriak Barakaldon eta Sestaon, kokezko bateriak, doiketa-tailerrak, galdaragintza eta galdategia, lurrunezko makina zaharrak ordezkatu. 1913an ijezketa-tren indartsuago bat sartu zen. Ondoren, azpiestazio elektriko eraldatzaile bat eraiki zen, gaur egun Ezkerraldeko enplegua eta ekonomia sustatzeko eraikin gisa erabiltzen dena. 1959an iritsi zen gehienezko ekoizpenera, urtean 16.678 tona ekoitzi zituen, eta 1969an enpresa zabaldu egin zen beste enpresa bat, Laminaciones de Lesaca, S.A. erosi ondoren.

Enpresaren ekoizpenean hedapen izugarria izan zuten bi garai nabarmendu behar dira: lehenengoa, Lehen Mundu Gerraren garaia eta bigarrena, Primo de Riveraren diktaduraren garaia, herri-lan ugari sustatu zirenekoa.

80ko hamarkadan Bizkaiko Labe Garaiak enpresa krisialdi ekonomikoan murgildu zen, eta inoiz ez zuen berriro burua jaso. 1984an Berrindustrializazio Planean sartu zen eta goitik behera murriztu zuen instalazioen bolumena, eta gaur Bizkaiko Altzairutegi Trinkoa denera mugatuta geratu zen. Erraldoi handi haren aztarna bakarra, garai haietako lekuko bakarra, labe garaietako bat da.

Bizkaiko Labe Garaiak enpresa ez zen altzairu-industria bakarra izan; beste altzairutegi garrantzitsu batzuk ere kokatu ziren Bizkaiko itsasadarrean, eta guztien artean altzairu-mosaiko sendoa osatu zuten: Santa Ana de Bolueta (1841), Nuestra Señora del Carmen (1857) eta Bilboko Labe Garaiak (1901), Echevarría S.A., Babcock & Wilcox eta Aurrera.

Gipuzkoan ere garatu zen altzairu-industria; galdategirik garrantzitsuenak Beasaingo CAF (1861), Arrasateko Unión Cerrajera, Iraeta (1877), Aurrera (1888) eta Bergarako Labe Garaiak (1901) izan ziren. Dena den, Gipuzkoan batez ere metala eraldatzen zuen industria gailendu zen (industria metalurgikoa eta makina-erreminta), eta esan daiteke jatorria armagintzan eta sarrailagintzan (Elgoibar, Eibar eta Bergara) egiten zituzten lan bikainengatik ezagutu ziren burdinola tradizionaletan zutela. Aurrekari historiko horiek kontuan hartuta, ez da batere harritzekoa bertako industriarik garrantzitsuenak Eibarko Orbea (ekoizpen-sistema mekanizatua sartu zuen lehenengo armagintza-tailerra izan zen), Arrasate-Bergarako Unión Cerrajera, Beasaingo CAF (trenbideetako makinaria eta material mugikorra egiten zuen) eta batez ere erremintak eta lanabesak ekoizten zituen Patricio Echeverría S.A. izatea.