HISTORIA

Agorregiko burdinola eta errota

Kokapena

Agorregiko burdinola eta errota Pagoetako parkean daude, Gipuzkoako Aian. Uraren aprobetxamendu tradizionalaren (burdinola eta errota) eredu bikaina da. Pentsatzen da 1777 aldera eraiki zela, eta ezaugarririk bereziena inguruko errekasto txikiak aprobetxatzen dituela du; horretarako ia 2 kilometroko ubide-sare bat eraiki zen antepara (edo ur-biltegi) bikoitz batekin, eta hari esker errota eta burdinola bateko gurpil eragileetara bideratzen zen ura.

Goiko antepara egiturako goiko aldetik igarotzen diren bi errekastok hornitzen dute. Andel horretatik hauspoei eragiten dien gurpilaren gainean jausten da ura, eta, era horretara, hauspoek haizea ematen diote labeari eta burdina-minerala txikiagotzeko beharrezkoa den tenperatura altua ziurtatzen diote. Beheko anteparak beherago kokatuta dauden ubideetatik hartzen du ura, eta, gainera, urtegi bat ere badu. Bigarren antepara horrek ahalmen handiagoa du bertan dauden bi ur-jauziri esker. Lehenengoak arto-errota ibilarazten du, eta bigarrenak labeko burdina goriaren masa lantzeko mailuari eragiten dio mailu-kolpeka masa goria metal bikaineko totxo bihurtzeko, era guztietako tresnak egiteko prest geratzen zena.

Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia

Labea lantegiaren erdi-erdian zegoen, hauspoetatik horma “bergamazoak” bananduta, eta haren aurrean, lantegiaren beste muturrean, mailua zegoen. Aldameneko gela batean egur-ikatza pilatzeko gordailu handi bat zegoen.

Minerala batez ere Bizkaitik ekartzen zuten eta itsasoz iristen zen Orioraino “patax benakeroetan”. Ikatza batez ere gertuko zuhaitz motzetako egurrarekin egiten zen.

Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia

Telefonoa

943- 83.53.89

Webgunea

http://www.gipuzkoakultura.net/euskera/museos/agorregi/index.htm

Zerbitzuak

Aiako udalerrian dago, Orio eta Zarauztik kilometro gutxi batzuetara, eta natura, paisaia, historia, arkeologia eta etnografia ondare-elementu ugari daude bertan. Autoz bi sarbide ditu Parkeak: Iturraran harrera-etxea eta Manterola baserria. Bi puntu horietatik oinez egin behar da ibilbidea. Programa bereziak antolatzen dira taldeentzat, partikularrentzat eta ikastetxeentzat. Burdinolara eta errotetara bisita gidatuak egiteko egutegia (taldeak eta partikularrak) Uztaila eta iraila: ostirala, larunbata eta igandea; 10:00etatik 14:00etara. Abuztua: asteartetik igandera, 10:00etatik 14:00etara. Urteko gainerako hilabeteetan: igande eta jaiegunetan dago zabalik, 10:00etatik 14:00etara. Bisita gidatua 11:30ean hasten da, eta 12:00etan jartzen da egitura guztia martxan. Bisita gidatua egiteko hitzordua hartzeko edota bestelako informazioa lortzeko, deitu 943- 83.53.89 telefonora