HISTORIA

Bizkaiko Labe Garaietako 1 labe garaia

Kokapena

1959an eraiki zen 1. Labe Garaia, eta bere garaian beheko labeetako burdingintza tradizionalaren amaiera izan zenaren eta zeharkako galdaketaren edo labe garaiaren sistema berriaren hasiera oparoa izan zenaren lekuko bakarretako bat da.

Altos Hornos 1 y 2. Fuente: Diputación de Bizkaia/Santi Yaniz

Labeak 6 metroko oinarri biribila du, 25 metroko altuera eta 720 m3-ko edukiera, eta 14 hoditeria.

Labeak, errekuntzako unean, tenperatura izugarria hartzen zuen, 900º C artekoa; horregatik, labea honda ez zedin material erregogorrak erabili behar izan ziren. Alumina-adreilua erabili zen upelean eta karbono-masa arragoan, eta bi zatiak xafla soldatuko kanpoko armadura batez babestuta zeuden.

Labe garaiak eraldatzen zituen lehengaiak labe garaiaren ondoan kokatutako siloetan biltegiratzen ziren. Hamabitan koke ikatza biltegiratzen zen, hamarretan mineral sintetizatua eta beste bederatzietan mineral lodi eta urgarriak. Koke ikatza, minerala eta urgarriak kartutxo edo zamaketa-skip (1) batzuen bidez sartzen ziren labe garaian, eta plano inklinatu baten edo zinta irristatzaile baten bidez irenspideetaraino (2) igotzen ziren. Irenspideak birakariak izaten ziren, labearen barruan zama ahalik eta ongien banatuko zela ziurtatzeko.

Zama beheko aldean edo arragoan erortzen zen (3), eta bertan erretzen eta txikiagotzen joaten zen, berogailu batzuen bidez berotzen zen aire beroa injektatzearen ondorioz (4). Une horretan, eta arragoaren barruan, mineralak urtzeko prozesuari hasiera ematen zitzaion, likido bihurtzen ziren arte. Alde batetik, goiko geruzan zepa geratzen zen, eta beste geruzan arrabioa (urtutako metala). Bi geruza horiek elkarrengandik bereizitako galda-isurbide edo kanalen bidez kanporatzen ziren.

Zepa kono-bagoietan zamatzen zen (5), eta pikortadura-instalazioetara garraiatzen zen gero zementu-industrian erabiltzeko.

Arrabioa, berriz, 180 tonako edukiera zuten goilara-torpedoetan zamatzen zen (6), desulfurazio-plantara eramateko.

Errekuntzak eragindako gasa lau hodik jasotzen zuten, eta labe garaiari airea ufatzeko berogailuak berotzeko erabiltzen zen (7).

Hozteko sistema egituren kanpoko aldea gehiegi ez berotzeaz arduratzen zen. Labearen kanpoaldea ibaiadarreko ur gaziarekin hozten zen, eta berogailuak, aldiz, ur gezarekin (8).

1. Labe Garaia Kultura Ondasun deklaratu du Jaurlaritzak, eta Kultura Ministerioa zaharberritze-lanak finantzatzen ari da.