Makina Erreminta
Kokapena
- Lurraldea: Gipuzkoa
- Herria: Elgoibar
- Sektore siderometalurgikoa
Industria-iraultzak, beste hainbat gauzaren artean, ekoizpen-sistemen mekanizazioa ekarri zuen, eta makinaz egindako lanak hartu zuen eskuz egindako lanaren tokia. Garapen teknologiko horrek, alde batetik, goitik behera aldatu zituen gizartea eta lan-mundua, eta horrekin batera baita makina berriak eraikitzeko beharrezko ziren prozesu industrialak ere; izan ere, makinak garatzeko eta egiteko, aldi berean, tresna eta makina jakinak behar ziren. Horixe da, hain zuzen ere, makina-erremintaren eginkizuna: beste material batzuk (batez ere, metalak) beste makina batzuk eraikitzeko beharrezko diren osagai edo tresna bihurtzea. Era horretako lehenengo makinak XVIII. mendean egin ziren eta energia-iturri desberdinak erabiliz (animaliak, energia hidraulikoa, lurruna, barne-errekuntzako motorrak...), nahiz eta gaur egun ia guztiek energia elektrikoz funtzionatzen duten. Makina-erreminta batzuk eskuz ere erabiltzen dira, baina ia guztiek ordenagailu-bidez kontrolatutako sistema automatizatuak dituzte, eta era horretara pieza konplexuagoak egin daitezke, zehaztasun, malgutasun eta segurtasun handiagoz.
Polea-sistemaren xehetasuna. Makina-erremintaren Museoa.
Erreminta edo osagaia egiteko, makina-erremintak eraldatu egin behar du metalezko pieza (nahiz eta beste material solidoren batekin egindakoa ere izan daitekeen). Funtzionamendu-metodoaren arabera, ohiko makina-erremintak bi taldetan sailka daitezke: makina erraustaileak (piezari forma materialaren txirbila tornuen, taladroen, fresatzeko makinen, lehuntzeko makinen edo zerren bidez harrotuz ematen diote) eta prentsak (piezei prentsatuz, moztuz edo tiratuz ematen diete forma). Hala ere, gaur egun badira beste era bateko makina-erreminta modernoagoak ere.
Makina-erremintari lotutako jarduera izan da Gipuzkoako eta Bizkaiko ekonomiako jarduerarik garrantzitsuenetako bat. XX. mendearen lehenengo urteetan hasi ziren makina-erremintak industrialki eraikitzen Eibar inguruan. Nahiz eta hasieran XIX. mendearen amaierako eredu amerikarretan eta alemaniarretan oinarritutako makina sinpleak egitera mugatu ziren, 1940tik aurrera, inportazioari muga zorrotzak jarri izanaren ondorioz, enpresa askok eta askok beren premiei erantzuteko hornitu behar izan zuten, eta, ondoren, merkatuko eskaera zela eta, produktu horiek merkaturatu egin zituzten. Hurrengo urteetan Eibarren eta Elgoibarren sektore honetako hainbat enpresa sortu ziren Euskal Herriko industriaren garapenaz baliatuz eta eskulan kualifikatu ugari zegoela aprobetxatuz. Berrogeita hamarreko hamarkadan industria hau erabat garatuta zegoen, eta, horren ondorioz, Euskal Herria bertako makina-erremintaren kalitatearengatik ezagutuko zen mundu osoan. Hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan hasi ziren makina-erreminta teknologia aurreratuagoekin garatzen, eta, esate baterako, aitzindariak izan ziren era honetako makinetan lehenengo elektronika eta gero informatika ezartzean. Gaur egun, industriako sektore hau funtsezko elementua da Euskadiren garapen sozioekonomikoan, eta mundu osoan bere produktuen kalitate onarengatik eta berritzeko duen gaitasunarengatik da ezaguna.
Lantegi mekanizatua
Lantegi mekanizatuaren ikuspegia. Makina-erremintaren Museoa.
Makina-erremintaren Museoan lantegi mekanizatu bat eta aldameneko tresna-gela ikus ditzakegu. Minutuko 1.500 bira ematen zuen 3,5eko zaldi-indarreko motor elektriko batek eragindako transmisio-sistema batekin, eta uhal baten bidez erdiko ardatz bati lotuta eta transmisio-sistema beraren bidez bigarren mailako bi ardatzekin komunikatuta, akoplamenduen, poleen eta uhalen bidez transmititzen du higidura. Sistema horren bidez higitzen ziren hainbat makina ikus daitezke lanean, aurreko belaunaldiek nola lan egiten zuten jakin dezagun.
Erreminta-gelan fresagailuetan, tornuetan, artezko makinetan ebakitzeko erabiltzen ziren hainbat tresna ikus daitezke. Museoan txirbil-harroketaren bidez jatorrizko makinek egindako prozesu artisauak ere ikus daitezke. Beste lantegietako batean harlangaitzezko sutegi bat dago, eta sua bizitzeko hauspoa eta hainbat gauza egiteko beharrezko ziren tresnak ere ikus daitezke bertan.
Makina-erremintaren Museoa
Museoa Elgoibarren dago, makina-erremintaren hiriburuan, hain zuzen ere, XIX. mendearen amaieran lehenengo makina-erremintak egin ziren inguruan. Museoaren helburua da industria honen garapena posible egin zuten pertsonak gogora ekartzea, historiaren berri ematea, sektorearen egungo eta etorkizuneko aukerak zein diren azaltzea eta eskualdeko turismoa garatzen laguntzea. Museoa eraikin berri batean kokatu da. Eraikinaren formak mendearen hasierako Euskadiko lantegi industrialen forma eta edukiak islatzen ditu. Helburu didaktikoa du eta fabrikazio mekanikoaren prozesuetan erabilitako teknologien jatorria eta bilakaera ezagutaraztea da asmoa.
Telefonoa
943 74 84 56
Webgunea
E-posta
museo@imh.es
Zerbitzuak
Museoa zabalik dago enpresa, ikastetxe, prestakuntza-zentro eta abarrentzat.
