Zurgintza
Zurgintza-sistemaren mekanizazioa eraikuntzari eta altzarigintzari dago lotuta. Biak ere hirigintzaren hazkundearen emaitza dira; izan ere, XIX. mendearen erdialdean, erosotasun-estandar batzuk bete behar ziren gero eta eraikin gehiago egiten ziren klase aberatsarentzat, estatus sozialarekin lotuta. Abiapuntua Donostia eta Bilbo izan ziren, eta egurra eraldatzeko industria ugari sortu ziren bi hirien hedakuntzari erantzuna eman ahal izateko, eta, batez ere, hirietako zabalguneak, goi mailako etxe dotoreak hornitzeko.
Gipuzkoan bi enpresa nabarmendu ziren: Ramón Múgicaren lantegiak (1874) Ospitale Zibila, Diputazio Probintziala, Gordailu-Alondegia eta Amarako Udal Eskolak eraiki zituen; Manuel Urcolaren enpresak (1865) Fesser jauregia, Kasinoa eta Luz Eléctrica fabrika eraiki zituen, besteak beste. Berez lehenengo arotzeria industrialak izan ziren. Bestalde, Azpeitia, 20ko hamarkadan, altzarien ekoizpen-zentro nagusia bihurtu zen. Zerrategiak, kanabera- eta zume-lantegiak, sei altzari-fabrika eta organo-fabrika bat zeuden bertan.
Fabrika horietan, gainera, enbarratze-sistema bat eta polea bidezko ardatzak zituzten hainbat makinari eta tresnari eragiteko; makina horietako batzuk, zinta-zerrak, mihiztatzeko eta moldurak egiteko makinak, kutxa elektrikoak, ziriak egiteko makinak, lehorgailuak eta egur-tratamenduetakoak ziren.
Bizkaian fabrika bat zegoen, Compañía de Maderas izenekoa. Bere ekoizpenarengatik ez ezik, une hartako azpiegiturarik ederrenetarikoa zuelako ere nabarmendu zen. Adreiluz eraikita zegoen, 1.600 m2 zituen, eta bertan bulegoa, lantegi mekanikoa, aldagelak, tximiniak eta biltegia zeuden. Fabrika La Salbeko zubiaren azpian, Ingelesen Landan zegoen kokatuta, gaur egun Guggenheim dagoen tokian. Lurrunezko zerrategi zahar bat zen. Norvegiako Compañía de Maderas sozietatearen filial bat zen; eraikuntzako arotzeria-enpresa nagusietako bat zen hura. Bilbon Europa Iparraldetik etorritako enborrak zerratzen eta lehortzen ziren, gero eraldatu ahal izateko.
