INGURUMENA

Kiotoko Protokoloa

1997an, berotegi efektua eragiten zuten gasen kontzentrazio kaltegarriak klima arriskuan jar zezakeela ohartu ondoren, nazioarteko beste batzar bat egitea erabaki zen; oraingo honetan klima aldaketaren arazoa aztertu zuten. Batzar horri Kiotoko Protokoloa deitu zitzaion, Japoniako hiri horretan sinatu baitzen hitzarmena.

Kiotoko Protokoloaren helburu nagusia berotegi efektua eragiten zuten gasak 2008tik 2012ra bitartean %5,2 murriztea zen, gas horiek 1990ean zuten isurtze-maila erreferentziatzat hartuta. Herrialde askok egin zuten bat protokoloarekin, eta ondorengo urteetan berresteko konpromisoa hartu zuten.

Industrializatutako herrialde handiak berrespena atzeratzen hasi ziren, isurketak neurri horretan murrizteak industriei gastu handiak egitea eskatzen ziela eta euren garapena arriskuan jartzen zuela argudiatuz. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka, herrialde handiek hitzarmena berretsi zuten edo horretarako konpromiso sendoa hartu zuten.

Herrialde industrializatuek protokoloa berrestea onar zezaten, neurri handi batean aldatu behar izan zen edukia. Arau hausleentzako zigorrak ezabatu ziren eta batik bat, gasen isurketa murrizteko %5,2ko portzentaia nabarmen jaitsi zen, %1,8ra hain zuzen. Horri esker, Japoniak, Kanadak, Errusiak eta Australiak hitzarmena berretsi zuten. Kontuan hartu behar da berotegi efektua eragiten duten gas-isurketen ia %25 herrialde horietan egiten direla.

Ahalik eta onarpenik zabalena lortzeko asmoz, protokoloari beste elementu batzuk gehitu dizkiote, trikimailu hutsak talde ekologisten iritziz. Esate baterako, herrialde kutsatzaileek gutxi kutsatzen duten herrialdeei kutsadura-eskubideak erosteko aukera izatea edo basoak berritzeko politika soil batekin herrialde batek bere kutsadura-mailei eutsi ahal izatea; izan ere, basoak kutsaduraren hustubidetzat jotzen dira.