INGURUMENA

Johannesburg, itxaropen zapuztua

Nazio Batuek Stockholmen Ingurumenari buruzko lehenengo Konferentzia hura egin zutenetik hogeita hamar urte igaroak ziren, eta mundua erabat aldatuta zegoen. 2002an planetako biztanle kopurua 6.000 milioitik gorakoa zen, 1972koaren bikoitza eta pobrezia gorrian bizi zirenen kopurua 800 milioitik gorakoa zen.

Behar-beharrezkoa zen beste Gailur bat deitzea garapen jasangarriari buruzko nazioarteko itun bat lortzen ahalegintzeko. Garapen jasangarria funtsezkoa zen nazioarteko arazo larri batzuk konponbidean jartzeko, besteak beste, pobrezia, kutsadura, baliabide naturalen murrizketa, klima aldaketa, biodibertsitatearen aurkako erasoak eta mundu osoan aberats eta pobreen artean gero eta handiagoak ziren desberdintasunak. Egoera kezkagarria zen.

Johannesburgen nazioarteko lankidetza-hitzarmena lortzen ahalegindu ziren, eta horren arabera, aberatsek pobreei lagundu edo gutxienez, beharrezko finantza-laguntza emateko konpromisoa hartu behar zuten, baina haien hazkundea arriskuan jarri gabe.

Gailur horretan Adierazpen Politikoa eta Ekintza Plana hitzartu zituzten. Asmo on ugariko ekimen horietan adierazten zen behar-beharrezkoa zela munduan edateko moduko urik ez duten pertsonen kopurua murriztea, biodibertsitatea eta arrantza-baliabideak babestea eta energia berriztagarriak bultzatzea.

Garapena eta kontsumoa

Munduko populazioaren %15 herrialde garatuetan bizi da eta %15 horri dagokio munduko kontsumo guztiaren %56. Bestalde, mundu osoan garapen bideko herrialdeetan bizi den populazioaren %40 pobreenari munduko kontsumoaren %11 baino ez dagokio.

Afrikako familia baten kontsumo-gastuen batez bestekoa %20 murriztu da, duela 25 urtekoarekin alderatzen badugu. Pobrezian bizi diren pertsonen kopurua 1.300 milioitik 1.200era bakarrik murriztu da. Munduan ondo elikatu gabeko 815 milioi lagun daude eta horietatik 777 milioi garapen bideko herrialdeetan bizi dira.

 

Petrolio-enpresen indarra

Garapen Jasangarriari buruzko Munduko Gailurrean energia-enpresek, petrolioaren sektorekoak buru zirela, euren irizpideak inposatu zituzten. Gailurrak ez zuen ezarri energia iturri berriztagarriak bultzatzeko helburu eta epe zehatzik.