Ingurumenaren kudeaketa
Gero eta gehiago dira beren jardueretan ingurumena errespetatzeko kontzeptu orokorrak oso kontuan hartzen dituzten enpresak. Kontua ez da bakarrik gauzak garbi egitea, isurketa kutsagarriak saihestea edo birziklapen prozesuak garatzea.
Enpresek ingurumena errespetatzeko bereziki antolatutako jarrera-eredu batzuk ezartzea da kontua. Horri ingurumenaren kudeaketa deitzen zaio.
Beren jardueran ingurumenaren kudeaketa egiten duten enpresek baldintza batzuk bete behar dituzte eta prozedura horiek egokiak diren edo ez erakunde neutral batek egiaztatzea onartu behar dute. Hala egiten dutenean, ingurumenaren kudeaketa onaren ziurtagiria jasotzen dute enpresek.
Ziurtagiri hori ez da industri jardueretan bakarrik erabiltzen; era guztietako zerbitzu eta jardueretan aplikatzen da eta errepideak eraikitzeko lanei, udaletxeen funtzionamenduari edo mendiko kiroletarako instalazioei eragiten die.
Zer egin behar du enpresa edo erakunde batek ingurumena errespetatzen duen kudeaketa on hori lortzeko? Lehenengo urratsa ingurumenari eragiten dioten atal guztiak identifikatzea da, isurkinetatik hasi eta gai kutsagarrietaraino, fabrikazio edo produkzio prozedurak ere kontuan hartuz. Gero plan zehatz bat ezarri behar da eragin horietako bakoitza ezabatu edo arintzeko.
Azkenean beharrezko prozedurak ezarriko dira enpresako jarduera bakar batek ere ingurumenean eragin txarrik izan ez dezan. Horrek guztiak ingurumena kudeatzeko eskuliburuan jasota egon behar du.
Enpresa askorentzat errentagarria da ingurumen-ziurtagiri hori izatea, obra-kontratu jakin batzuk egiteko sarritan eskatzen dutelako; gainera, bezero askok enpresak eskaintzen duen kalitatearen erakusgarritzat hartzen dute ziurtagiria.