INGURUMENA

Euskadiko gizartea eta ingurumena

Euskadiko biztanleen erdiak baino gehiagok oso kezkagarritzat jotzen ditu ingurumenaren narriaduraren ondorioak.

Lehen munduko herrialde gehienetan gertatzen den legez, badirudi Euskadiko herritarrak ere ederto jabetu direla kontsumo-gizarteak ingurumenari dakarkion arriskuaz. Gure gizarteak gero eta argiago ikusten du ingurumenak jasaten dituen erasoak murriztu ahal izateko gure ohiturak aldatu behar ditugula.

Gai horiei buruzko inkestak bat datoz; esate baterako, Euskadiko herritarren erdiak baino gehiagok, garraio publikoa erabiltzeko eta ibilgailu pribatua baztertzeko prest dagoela esaten du, eta %70 baino gehiagok birziklatzea errazteko hondakinak bereizten dituela adierazten du.

Azkenik, esan behar da Euskadiko haurrek gai horri buruzko sentikortasun handia dutela, hain zuzen, beraiei zuzenduriko ingurumen hezkuntzako programei esker.