INGURUMENA

Agente ekonomikoak eta ingurumena

Inolako zalantzarik gabe esan dezakegu Euskadiko produkzio-sistemak geroz eta hurbilago daukala ekonomiaren hazkundea eta ingurumenaren kontserbazioa bateragarri egiteko helburua.

Tradizioz industria astunak eta erdi astunak eragin txarra izan dute Euskadiko ingurumenean. Hala ere, industriaren sektore hori kontzientziatu da gehien azken urteotan, eta bere baitan gauzatu dira hobekuntzarik handienak.

Gaur egun, Euskadiko industria gehienetan, ingurumena errespetatzea lehiakortasun-faktore bilakatu da eta errespetu hori bermatzeko ziurtagiri publikoak lortzeko kontrol eta auditoria arauak ezartzen zaizkien industrien kopurua handitzen ari da.

Dauzkagun datuak aztertuta, Euskadiko industrien %63,4ak beren jardueraren bidez ingurumenari egiten dioten kaltea neurtzen dutela ikus dezakegu, eta horien arteko hiru laurdenek planak gauzatzen dituzte kalte hori murriztu edo arintzeko. Enpresa bakoitzak ingurumena babesteko ekintzetan, urteko, batez beste ia 40.000 euro gastatzen dituela kalkulatzen da. Energia sortzeko gastuaren %11 murriztea lortu da, eta kontsumoa %4 handitu da. Energia sortzeko modu egoki horrek esan nahi du 2005 urterako atmosferan CO2 (karbono dioxidoa) gasaren isurtzeak %72 murriztuko direla.

Sektore berri bat ere indartu da azken urteotan: ekoindustriak. Enpresa horiek hondakinak kontrolatzeko eta isurtze kutsagarriak murrizteko planei buruz, babes-ekipoen fabrikazioari buruz eta bestelako gaiei buruz hainbat gomendio ematen dituzte. Jarduera horrek Euskadiko barne produktu gordinaren %2a osatzen du.