Ibaiak
Euskadin Ibaietako Uren Kalitatea eta Ingurumenaren Egoera Zaintzeko Sarea daukagu; lurralde guztiaz arduratzen da eta laginak hartzen ditu aldizka.
Azkeneko urteotan uretan egiten diren isurketen kontrola handitu da. Gaur egun Euskadiko hiri gehienek daukate etxeko urak arazteko eta saneatzeko sistemaren bat. Hala ere, 2005. urterako 500 biztanle baino gehiagoko herri guztiek baliabide horiek izatea da helburua.
Erkidego Autonomoaren uraren kalitateari dagokionez, ibai gehienen iturburuek oso kalitate oneko ura daukate, baina kalitate-mailak behera egiten du ibaia herrigune edo industriaguneetatik igarotzen den heinean.
Egindako azterketen arabera, uren %30 onak edo oso onak dira eta ibaietako ubideen %6 bainatzeko erabil daitezke. Lurpeko urari dagokionez, nahiko kalitate onekoa da, eta gehiena gizakiaren kontsumorako erabiltzen da.
- Honako hauek dira Euskadiko uraren kalitateari dagozkion arazo nagusiak: Saneamendu azpiegiturak Europar Batasuneko arauek eskatutako neurrian ezartzeak duen kostu handia.
- Lur kutsatuetatik datorren kutsadura.
- Ongarriak eta pestizidak intentsiboki erabiltzeak eragindako kaltea.
- Kontrolik gabeko isurtzeak.

Ibaien ezaugarriak
- Iturburutik bokaleraino, ibaiaren ezaugarri fisikoak (zabalera, sakonera, ohearen izaera edo korrontearen abiadura) etengabe aldatzen dira, eta uretako eta urbazterreko animalien eta landareen bizitza baldintzatzen dute.
- Ibaiko lehenengo tarteetan urak abiadura nahiko handia du; ibaiak sakonera eta zabalera gutxi du eta landarediak itzal ederra ematen du eta horri esker ura fresko egoten da. Horren guztiaren ondorioz, ibaiko urak ondo oxigenatuta egoten dira, eta ekologiaren aldetik baldintza estuenak bete behar dituzten organismoak ere bizi daitezke bertan.
- Ibaian beherago dauden tarteetan, ibaiaren tamaina handiagoa da, ibaiertzetako landare masak nekez ematen dio itzala ibilguari eta ibaiaren abiadura nabarmen moteltzen da. Egoera horretan, ibaiaren tenperatura handitu eta oxigeno gutxiago dago, bertako bizitza eragotziz.
