Ekologia
Ekologia Lurreko ekosistemak aztertzen dituen zientzia da. Ekosistemak ingurune batean bizi eta bertan elkarrekin erlazionatzen diren izaki bizidunen multzoak dira, gizakiena barne.
Izaki bizidunak ikuspuntu ekologista batetik aztertuz gero, ikusiko dugu izadian duten banaketa ez dela nolanahi gertatu. Izan ere, banaketa horrek espezieen eboluzioarekin zerikusi handia du. Ingurumenaren eta organismoen arteko harremanak hautespen naturalaren emaitza dira, hau da, fenomeno ekologiko guztiak azal daitezke eboluzioaren ikuspegitik.
Horrela, 3.000 milioi urte baino gehiago iraun duen eboluzioan zehar, lehiakortasunak bizitzeko era ezberdinak sortu ditu, eta horiek erabakigarriak izan dira elikagaiak, bizitzeko espazioa, aterpea eta espeziearen jarraipena lortzeko borrokan.
Beste zientzia batzuei esker (biologia, fisika, kimika, geologia,...) lortu ditugun ezagutzak oinarri harturik, Ekologiak izadiaren benetako ezagutza bat garatu du, eta bertan gertatzen diren fenomenoen ikuskera orokor bat eskaini digu.
Ekologia hitza Ernst Haeckel, izeneko biologo aleman batek proposatu zuen 1869an. Gaur egun bere ideiak inoiz baino errotuagoak daude jendearen kontzientzian, gizakiok gure iraganeko eta gaur egungo jarduera asko izadiarentzat kaltegarriak direla konturatzen hasi baikara. Garrantzitsua da guztiok Ekologiaren printzipioak ezagutzea eta zenbait gairi buruzko iritzi pertsonal bat izatea; adibidez, kutsadura edo baliabide naturalen galera zer den jakitea. Hitz gutxitan esanda, gizakiak bizi garen ingurunean duen eraginaz jabetu behar dugu.