Ekologismoaren historia
1972ko ekainean Stockholmen egin zen Nazio Batuen Konferentziak nazioarteko ingurumenaren inguruko kezka piztu zuen. Lehen aldiz, nazioak gure planetaren egoera aztertzeko bildu ziren. Geroztik, ingurumenarekin zerikusia duten arazoek etengabe astindu dute jendearen kontzientzia, eta aldarrikapen politikoetan edo enpresaburuen hitzaldietan sarri askotan jorratzen dituzte gai horiek.

Gaur egun ingurumenaz arduratzen diren mugimenduak antropozentrikoak edo ekozentrikoak izan daitezke. Lehenengoak gizakiak beste izaki bizidunen aurrean duen nagusitasunean oinarritzen dira. Hau dela eta, baliabideak ustiatu eta izadia kontserbatzeko neurriak proposatzen dituzte, gizakiari hura erabiltzeko aukera ematen diotelako. Bigarrenek, ostera, gizakiak baliabideak nahi duen moduan erabiltzeko eskubiderik ez duela esaten dute, eta beste izaki bizidunen maila berean kokatzen dute gizakia.
