Kontsumo desegokiaren ondorio ekologikoak
Gure eguneroko bizitzan etengabe kontsumitzen dugu energia, baita hondakinak sortu ere. Argia piztu, kanila ireki, berogailua martxan jarri edo jogurt bat jatea egunero egiten ditugun ekintzak dira, eta ondorio itzelak dituzte ingurumenean. Eguneroko ekintza horiek behin eta berriz ardurarik gabe edo oharkabean egiten baditugu, ingurumenaren gaineko eragina nabarmen areagotuko da.
Ez da erraza gure ingurunea zaintzen ohitzea, gure bizitza errazagoa egiten duten gauza gehienek ingurumenari kalte egiten baitiote. Gauzak erabili eta botatzeko sistema oso erosoa iruditzen zaigu, baina horren ondorioz zaborra izugarri ugaritu da gure mundu zibilizatuan. Etxeko lanak errazten dizkiguten etxetresna elektrikoek -lata-irekitzeko tresna elektriko arrunt bat besterik ez bada ere-energia asko kontsumitzen dute; garai jakin batzuetan, bero egin nahiz hotz egin, berogailuak sistematikoki pizteak alferreko erregai kontsumoa dakar (gas, fuel-olio eta ikatza).
Joan-etorri guztietarako automobila erabiltzea berotegi-efektuaren eragile nagusietakoa da; era guztietako produktu ontziratuen kontsumoan oinarritutako aisialdiko jarduerak egiteko gehigarri, koloratzaile, kontserbatzaile edo plastiko ugari erabiltzen ditugu. Gero material horiek nonahi botata ikus daitezke gure inguruko lurraldean, uretan edo airean, eta hondakinak deuseztatzea ia ezinezkoa da.
Oso garrantzitsua da gure ekintzen ondorioak ezagutzea: ezjakintasunak ere kutsatu egiten du. Gutako gehienek ez dakigu irekitako kanila batek 15 litro gastatzen dituela minutuko; gure automobilak kontsumitzen dituen bost litro bakoitzeko, bederatzi kilo karbono dioxido sortzen direla; ontzikiak gure etxean sortzen den zaborraren %30 dira; paper tona bat egiteko baso bateko 5,3 hektarea moztu behar dira; edo kontsumo txikiko bonbilla batek arrunt batek baino zortzi aldiz gehiago irauten du. Eguneroko ekintza bakoitzak bere eragina du izadian. Ez dugu hori inoiz ahaztu behar.
