INGURUMENA

Zer dago zakarrontzian?

Gure zakarrontzia ez da arriskurik gabeko elementu bat. Zakarrontzian dagoenak eragin itzela izan dezake ingurumenean, eta batzuetan, benetako bonba bat izan daiteke ingurumenerako. Hondakin organikoak nahiko erraz degradatu daitezke, baina kontrolatzen ez badira eragozpenak sor ditzakete, baita herritarren osasunerako arriskuak sortu ere. Baina zakarrontzian badira ingurumenerako arriskutsuak diren beste elementu batzuk ere.

Plastikoak

Zabor poltsa baten edukiaren %15 inguru plastikoak dira, behin bakarrik erabili eta botatzen diren ontziak eta bilgarriak batez ere. Zabortegian urte asko egin beharko dituzte erabat desagertzeko, eta errausten badira CO2 eta toxinak sortzen dituzte.

Brikak

Brikak egiteko, aluminioa, zelulosa eta plastikoa behar dira, lehengai berriztaezinetatik datozen materialak hain zuzen. Elementu horiek bereiztea zaila da, eta horregatik horien birziklapena mugatua da oraindik.

Latak

Zabor poltsa arrunt baten batez besteko edukiaren %5 dira gutxi gorabehera, baina hondakin metaliko guztiak gehitzen baditugu, portzentaia hori %12ra igotzen da. Oso erraz birziklatu eta berriz erabili daitezke beste lata batzuk egiteko.

Beira

Ia guztiz birziklagarria den materiala da. Geldoa da eta ez du ingurunean kalte materialik egiten; hala ere, itzultzekoak ez diren ontziak gehiegi erabiltzeak izugarri ugaritu du hondakin mota hori. Horregatik, hondakin hau ez da beti birziklapen sareetara iristen.

Pilak

Hondakin arriskutsuenetako bat da, merkurioa eta beste metal astun kutsatzaile asko dituelako. Botoi pila ñimiñoak tutu formakoak edo petaka-pilak baino askoz ere arriskutsuagoak dira. Bakar batek milioi erdi bat litro ur kutsa dezake.

Papera eta kartoia

Edozein zabor poltsaren %20 dira eta horien kontsumoa etengabe handitzen ari da gure gizartean. Beren lehengaia zelulosa sarrera=zelulosa da, eta hori zuhaitzetatik ateratzen da gehienbat. Oso erraz birzikla daiteke, baina berriz erabili ahal izateko jatorrizko zelulosa gehiago behar da beti. Horregatik, birziklapenak ez du neurriz gaineko baso-mozketaren arazoa guztiz konpontzen.