INGURUMENA

Automobila: ingurune naturalaren etsaia

Hirietan egiten dugun bizimodua ez da inolaz ere ingurumena zaintzeko aproposena. Ikusi besterik ez dago nolako arazoak ditugun hiri barruan mugitzeko. Pilaketak, auto-ilarak, zarata eta etengabeko gas-isurketak ekologiaren kontrako bizimodu baten erakusgarri argiak dira. Horren guztiaren errudun nagusia automobila da, edo hobe esanda, guk automobilari ematen diogun erabilera ezegokia.

Automobila erabiltzen duen gutxiengo batek behar duen energia guztia eta horrek dakartzan ondorioak kontuan hartzen baditugu, berehala konturatuko gara arlo horretan gehiegikeria ekologiko nabarmena egiten ari garela. Gainera, ibilgailu pribatuetan egiten diren joan-etorri guztien %25 horrek hiri barruan mugitzeko erabili daitekeen lurzoruaren %60 betetzen du, biztanleriaren beste %75aren mugigarritasunari kalte eginez.

Garraio publikoa erabiltzea gure hirietan ekologikoki mugitzeko hautabide argiena da. Hala ere, ez ditugu beste aukera batzuk ahaztu behar, esate baterako, bizikleta, ibilgailu elektrikoak edo hibridoak, eta oinez ibiltzea. Erregai-pilak daramatzaten ibilgailu elektrikoak hirietako garraio pribaturako aukera ekologiko bat dira. Lehengai moduan hidrogenoa erabiltzen dute, planetan ugariena baita. Teknologia horren balioa egiaztatua dago eta orain ekoizpen kostu merkeagoak lortu besterik ez da egin behar, aurrera atera dadin.

Erregai biologikoak ere, ia gas kutsatzailerik botatzen ez dutenak, kalean dira jadanik; erabiltzaileak izaten duen mesfidantza txiki bat bakarrik gainditu behar dute. Oinez joateko aukerak, zorionez, gero eta jarraitzaile gehiago ditu, eta hiri kultura ezberdin bat sortzen ari da.

Autoaren erabilera goraka

Azken urteetan, hiri mugikortasuneko inkesta guztiek hurrengo errealitateak erakusten dituzte: ibilgailu pribatuaren erabilpenaren gehikuntza nabarmena, garraio publikoen erabilpenaren geldialdia edo hazkunde txikia, eta oinezko joan-etorrien murrizpen nabarmena Hala eta guztiz ere, biztanle helduen %50ek baino ez dute gidatzeko baimena, eta lautik batek bakarrik dauka egunero automobilaren erabilpen pribatu bat egiteko aukera.