Etxebizitza ekologikoa
- TEST: Egia edo gezurra?
Oso urrun ez dagoen etorkizun batean, bioeraikuntza bezalako kontzeptuak gero eta gehiago agertuko zaizkigu etxebizitza bat eraiki edo aukeratzerakoan.
Bioeraikuntzaren hiru printzipio nagusiak dira:- Energia garbi eta berriztagarriak ekoiztea.
- Energia-eraginkortasuna lortzea eta energia aurreztea argiztapenean.
- Etxetresna elektrikoak eta berokuntza-instalazioak era egokian erabiltzea.
Etxebizitza ekologiko guztiek berezko instalazio elektrikoak izan beharko lituzkete. Eguzki energia alternatiba on bat da hegoalderantz orientatutako etxebizitzetan. Horri etekin handia ateratzeko beharrezkoa da hurrengo elementuak instalatzea: panel fotovoltaikoak (6 m2 gutxi gorabehera ohiko familia batentzat), biltegiratzeko bateriak, erreguladore bat gainkargarik ez gertatzeko, eta korronte zuzena korronte alterno bihurtzen duen onduladore bat.
Energia fotovoltaikoak erabilera zentralizatua izan dezake edo bakarrik funtzio batzuetarako erabili daiteke, esate baterako, ura ponpatzeko, berokuntza hornitzeko, etab. Eguzki energiak ura berotzeko ere balio du eta horri esker ur beroketan ohiko energia kontsumoa %80 murriztu daiteke. Metro karratu bateko bilketa-azalera batekin ehun litro ur bero lortu daitezke.
Aurreko aukerarekin bateratu daitekeen beste bat haize energia da. Haize-erregimenaren arabera, errota batez eta transformadore batez osatutako aerosorgailu bat instalatu daiteke, etxebizitza ertain baterako nahikoa energia eman dezakeena.
Bestalde, biomasa-teknologiak egunetik egunera hobeak dira. Horiei esker, berokuntza sistemetarako energia sor dezakegu, erraz lor daitezkeen egur materia berriztagarriak errez.
Dena dela, energiarik garbiena eta gutxien kutsatzen duena agortzen ez dena da. Teknologia eraginkorrei esker behar dugunean aurreztu dezakegu. Etxe ekologiko batek ez die derrigor etxetresna elektrikoei uko egin behar, baina elektrizitatea (eta beste baliabideak) erabiltzerakoan eraginkorrenak direnak bakarrik izan behar ditu.Etxetresna elektrikoen energia-eraginkortasuna
Etxetresna elektrikoen energia-eraginkortasuna egiaztatzen duen etiketa europarrak ezarritakoaren arabera, fabrikatzaileek haien kontsumoa adierazteko obligazioa dute: "A" edo "B" kategoria dutenak aukeratu behar dira. Etiketa hori garrantzitsua da: ontzi garbigailu berriek, adibidez, %40 murriztu dute energiaren kontsumoa eta %60 urarena. Baina badago etxetresna elektriko eraginkorrak erabiltzeko beste arrazoi bat: bioeraikuntzako instalazio elektrikoek zenbat eta potentzia handiagoa izan, poluzio elektrikoak erabiltzaileen osasunean duen eragina ere handiagoa izango da.
