INGURUMENA

Produktu ekologikoak

Edozein herritar, ingurumena errespetatu beharraz jabetu bezain laster, ingurunea errespetatzen duten produktu ekologikoak kontsumitzen saiatuko da. Alde horretatik, ingurumen eta kontsumoarekin zerikusia duten gauza guztietan bezala, informazioa funtsezkoa da.

Biztanle kontzientziatua berehala ohartuko da produktu askotan "bio" hitza agertzen dela. Baina hitz hori erabiltzen duten produktuekin erne ibili behar dugu. Horietako gehienek ez digute eskaintzen izadia errespetatzen duen ekoizpen bermerik, aurrizki hori erabiltzeak aipatutako esanahia adierazten badu ere.

Honen arrazoi nagusia marketinga da, edozein produkturen irudia garbitzeko estrategia bat, produktua kontsumorako erakargarria izan dadin. Nahasketarik ez egoteko, kontsumoko agintaritzak bio aurrizkia merkataritza helburuekin bakarrik erabiltzen duten guztiak testu bat jartzera derrigortzen ditu, produktua nekazaritza biologikotik ez datorrela azalduz.

Nekazaritza biologikoa

Nekazaritza biologikoa era naturalean egindako produktuak lortzeko helburua duen jarduera bat da. Produktu horiek ez datoz aldaketa genetikoetatik eta ez dute inolako ongarri edo pestizida kimiko edo artifizialik. Produktu hauek ohikoak baino pixka bat garestiagoak dira, baina zalantzarik gabe abantailak dituzte kalitate eta zaporean, eta gainera ez dute inolako presiorik sortzen ingurunean.

Nekazaritza biologiko edo ekologikoa oso erregulatuta dago jadanik, eta horren produktuak behar bezala etiketaturik saltzen dira, sarritan denda espezializatuetan. Gu gai mota honen ekoizle garrantzitsuak gara, baina kontsumitzaile gisa ahulak gara oraindik, eta daukagun produkzio gehiena Ingalaterrara esportatzen dugu. Nolanahi ere, merkatu honen urteroko hazkunde erritmoa %20koa da.