INGURUMENA

Zer dira hondakinak?

Hondakinak gure eguneroko jardueretan sortzen ditugun materialak dira, alde batera utzi behar ditugunak bere balioa edo erabilgarritasuna galdu dutelako.

Gizakiaren jarduera guztiek eragiten dituzte hondakinak, besteak beste nekazaritzak, abeltzaintzak, basoen ustiapenak eta merkataritzak. Hala ere, beren jatorriaren arabera, hondakinen kantitatea eta ezaugarriak desberdinak dira. Horregatik bereizten dira hiru multzo nagusi:

Hiriko Hondakin Solidoak (HHS)

HHSak gure etxeetan, dendetan, bulegoetan, jatetxeetan, kaleetan egunero sortzen diren zaborrak dira. Lantegiek ere zenbait HHS sortzen dituzte beren bulegoetan, biltegietan edo jangeletan. Ondorengoak dira mota nagusiak: papera, kartoia, plastikoak eta janari hondarrak.

Hondakin Toxiko eta Arriskutsuak (HTA)

HTAak prozesu industrialen bidez sortzen dira eta era berezian kudeatu behar dira. Hondakin mota hori gure etxeetan ere sortzen dugu: lixiba, pinturak, aerosolak, disolbatzaileak, pilak... Sustantzia bera eta hori gordetzen duen ontzia, biak dira HTAak.

Beste hondakinak

Kategoria honetan industria jardueretan edo eraikuntzan sorturiko hondakinak sartzen dira, HHS eta HTA ez direnak. Hondakin horiek isurtzen direnean ez dute aldaketa fisiko-kimikorik edo biologikorik jasaten, esate baterako, obra hondakinak, bilgarriak eta zepak.

Gure zaborrak

Pertsona bakoitzak kilo bat zabor sortzen du egunero, batez beste. Etxeetako zabor horiek, HHSak (Hiriko Hondakin Solido), zabortegi eta errausketa plantetara eramaten dira. HHS horien zati handi bat (zabor poltsaren bolumenaren %60a eta pisuaren %33a) ontziak eta bilgarriak dira. Horiek normalean berriztagarriak ez diren lehengaiez egiten dira, edo, berriztagarriak direnean, ustiatze erritmoa birsorkuntza erritmoa baino azkarragoa da. Gehienetan, behin bakarrik erabiltzen dira, erabili ondoren birziklatzeko zailak direlako.