Zer egin plastikoarekin
Gure etxeetan plastikoan ontziraturik ez dauden produktuak erosten ahalegindu behar gara, baita ahalik eta plastikozko bilgarri gutxien dituztenak ere. Era berean, material horri bigarren erabilera ematen saiatu behar gara. Kontsumitzaileok aukera gutxi ditugu plastikoak berrerabiltzeko, baina, hala ere, badaude zenbait aukera baliagarri:
- Produktu kontzentratuak erosten baditugu, etxean gordetzen dugun ontzia berrerabili beharko dugu, bertan produktuak nahasteko, fabrikatzaileak adierazten digun neurrian.
- Erosketak egitean ematen dizkiguten plastiko zorroak berriro erabili ditzakegu, bai dendetan bertan, eta baita gauzak eramateko edo gure zaborra sartzeko ere.
- Zenbait plastikozko produkturekin, irudimena erabiliz, gure haurrekin jolas dezakegu, baita jostailu edo tresnak egin ere.
Herritarrok jakin behar dugu ezinbestekoa dela gaikako zabor bilketan laguntzea, ahalik eta plastikozko hondakin gehien birziklatu ahal izateko.
Hondakinak jasotzen direnean, ezarririko zirkuitua osatuko dute sailkatze-instalazioetara eta plastikoak prozesatzeko instalazioetara heldu arte. Bertan, tratamendu zehatza jasoko dute.
Lantegi horietan plastikoak osagaien konposizio kimikoaren arabera bereizten dituzte, baita koloreka sailkatu ere. Ondoren, birziklatu ezin daitezkeen plastikoak eta birziklatu daitezkeenak garbitu eta bereizten dira. Azken horiek urtu egiten dira produktu berriak egiteko. Birziklatu ezin diren plastikoak zabortegira eramaten dituzte, baldin eta termoegonkorrak badira; bestela, erre egiten dituzte.