Teoria atomikoak
Daltonen teoria atomikoa
Daltonen teoria atomikoa ondorengo gaietan laburbil dezakegu:
- Materia etena da. Partikula material independenteek osatzen dute, eta atomo izena dute partikula horiek; zatiezinak dira.
- Elementu bereko atomoak berdinak dira, bai masari eta baita ezaugarri fisiko eta kimikoei dagokienez ere.
- Elementu ezberdinetako atomoak ezberdinak dira masari eta gainerako propietateei dagokienez.
- Elementu konposatuak elementu jakin batzuen atomoen loturari esker sortzen dira, zenbakizko erlazio erraz baten bitartez.
Thomson-en eredu atomikoa
Thomsonen (1856-1940) eredu atomikoaren arabera, karga positibodun esfera batek osatzen du atomoa. Esfera horretan dago atomoaren zatirik handiena, eta bertan daude elektroiak sartuta.
Thomsonen eredu atomikoa.
Rutherford-en eredu atomikoa
Rutherfordek (1831-1937) azaldu zuen eredu atomikoaren arabera, ia sistemaren masa (protoiak eta neutroiak) osoa bilduta dagoen esferak osatzen du atomoa. Esfera horren inguruan partikula batzuk daude biraka (elektroiak), planetek Eguzkiaren inguruan egiten duten errotazioaren moduan.
Nukleoaren protoiek karga positiboa izaten dute; eta elektroiek, berriz, negatiboa.
Rutherforden eredu atomikoa.
Bohr-en eredu atomikoa
Bohr-en (1885-1962) ustez, atomoa honako elementu hauek osatzen dute:
- Atomoaren erdian nukleoa dago; oso partikula txikia da eta atomoaren ia masa osoa eta karga positiboa bertan daude. Nukleoaren karga positiboen (protoiak) zenbakia, eta elementuaren zenbaki atomikoa berdinak dira.
- Nukleoaren inguruan elektroiak daude (protoien eta zenbaki atomikoen kopuru berean) eta karga negatiboa dute. Zirkulu formako orbitak egiten dituzte elektroiek.
- Euren orbitan biraka dabiltzan bitartean, elektroiek ez dute erradiaziorik igortzen. Nukleotik gertuago dagoen orbita batera jauzi egiten dutenean, ordea, erradiazio energetikoa isurtzen dute; eta aldiz, gorago dagoen orbitara igarotzen direnean, erradiazioa xurgatzen dute.
Teoria atomiko berriak
1920. urte inguruan, elektroi kopuru handia zuten elementuen espektroak aztertu zituztenean, Bohr-en teoria agian egiazkoa eta baliagarria ez zela ohartu ziren.
Sommerfeldek (1868-1951) egiaztatu zuen Bohr-en teoria osatu gabe zegoela, orbita elektronikoak eliptikoak ere izan baitzitezkeen. Horrenbestez, Sommerfeldek Bohr-en postulatuak aldatu zituen eta maila energetiko zehatz batean elektroiek egiten dituzten orbitak zirkularrak edo eliptikoak izan daitezkeela azaldu zuen. Horrek sekulako eragina du elektroien egoera energetikoetan (azpimaila energetikoak).
Urte batzuk geroago, beste zerbait ondorioztatu zuten: elektroien mugimendua ez da ondo zehaztutako edo mugatutako orbitetan egiten, baizik hori baino mugimendu konplexuagoa egiten dute.
Horrenbestez, elektroiaren mugimenduak orbita konplexuak egiten ditu, eta horri esker, seguraski, kokaleku jakin batean aurki daiteke. Elektroia "seguraski" egon daitekeen leku horri orbital deitzen zaio.
Daltonen hipotesiak erreakzio kimikoak azaltzen ditu
Daltonen teoria atomikoaren arabera, erreakzio kimiko bat elementuen atomoak berriro elkartzea da.
Ondorengo irudiko adibidean karbonozko n atomo, oxigenozko 2n atomorekin konbinatzen dira karbono dioxidoa osatzeko, elementuren bateko atomo batzuk sobera gera daitezkelarik.
Atomoaren oinarrizko partikulak

Sommerfeld (1868-1951)
Fisikari alemaniarra. Bohr-en teoria atomikoa aldatu zuen, fisika kuantikoaren konklusioak aplikatuz.
