KIMIKA

Konposatu ez organiko hirutarren formulazioa

Konbinazio hirutarrak deitzen zaie beren molekuletan hiru elementuren atomoek parte hartzen dutenean. Gehienetan oxigenoa egon ohi da konbinazio horretan eta -2 oxidazio zenbakiarekin parte hartzen du. Konposatu hirutarren artean hiru talde nagusi bereizi behar dira nagusiki: hidroxidoak edo baseak, oxoazidoak edo oxazidoak eta gatzak edo oxigatzak.

Hidroxidoak edo baseak

Katioi baten, gehienetan metalikoa, eta ioi hidroxido, (OH-), arteko konbinaziotik sortzen dira hidroxidoak edo baseak.

Euren formula orokorra hau da: X(OH)n.

Konposatu bitarretan gertatzen zen bezala, nomenklatura klasikoak edo sistematikoak erabiliz izenda daitezke. Lehenengoaren arabera, metalaren izena + "hidroxidoa" idatzi behar da; gainera, bere balentzia zein den adierazten duen bukaera gehitu behar zaio elementuari. Amaiera horiek konposatu bitarren arau berek zehazten dituzte.

Nomenklatura sistematikoari dagokionez, bestalde, "hidroxido" hitzaz izendatu behar dira; aurretik aurrizki bat jarri behar zaio, molekularen taldeak (OH) eta metalaren izena adierazten dituena.

Oxoazidoak edo oxazidoak

Oxoazidoak ez metal bat hidrogenoarekin eta oxigenoarekin konbinatzean lortzen dira. Euren formula orokorra honako hau da: HaXbOc. Orokorrean, aipatu beharrekoa da ez metalen anhidrido edo oxidoetatik lortzen direla, eta ur molekula bat gehitzen zaie.

Hala, azido nitrikoa, adibidez, nitrogeno oxidoari (V) ur molekula bat gehitzean lortzen da.

N2O5 + H2O ® H2N2O6 ® HNO3

Gauza bera gertatzen da azido sulfurikoarekin:

SO3 + H2O ® H2SO4

Nomenklatura tradizionala erabilita izendatzen dira oxoazidoak. Esate baterako:

Cl2O + H2O ® H2Cl2O2 ® HClO azido hipoklorosoa
Cl2O3 + H2O ® H2Cl2O4 ® HClO2 azido klorosoa
Cl2O5 + H2O ® H2Cl2O6 ® HClO3 azido klorikoa
Cl2O7 + H2O ® H2Cl2O8 ® HClO4 azido perklorikoa

Gatzak edo oxigatzak

Gatzak edo oxigatzak oxazidoen hidrogenoak metalagatik ordezkatzean lortzen dira.

Lehenengo metalaren izena jartzen da eta jarraian honela egin behar da: ez metalaren izenari -ito atzizkia gehitu behar zaio azidoa -oso-z amaitzen denean; eta -ato atzizkia azidoa -iko-z amaitzen denean. Oxidazio zenbaki bat baino gehiago badu metalak, parentesi artean jarri behar da parte hartzen duen oxidazio zenbakia (zenbaki erromatarretan). Horri stock nomenklatura deitzen zaio.

Esate baterako, NaNO3, HNO3-ren hidrogenoa sodio metalagatik ordezkatuta lortzen da. Azido nitrikotik datorrenez, "nitrato" deitzen zaio. Sodioak balentzia bakarra duenez, honela jarri behar da: sodio nitratoa.

Konposatu ez organiko hirutarren adibide batzuk:

Fe(OH)3 Burdin trihidroxidoa edo burdin hidroxidoa (III)
LiOH Litio hidroxidoa
Al(OH)3 Aluminio hidroxidoa
HClO Azido hipoklorosoa
H2SO3 Azido sulfurosoa
HNO Azido hiponitrosoa
H2CO3 Azido karbonikoa
Na2SO4 Sodio sulfatoa
Fe(NO3)2 Burdin nitratoa (II)
Al(ClO3)3 Aluminio kloratoa
CaCO3 Kaltzio karbonatoa

Konposatu ez organikoen laburpena.

Elementu motak Konposatu motak
Metala + oxigenoa Oxido basikoa
Ez metala + oxigenoa Oxido azidoa
Metala + hidrogenoa Hidruro metalikoa
Hidrogenoa + ez metala Hidruro ez metalikoa
Metala + ez metala Gatz bitarra
Metala + oxigenoa + hidrogenoa Hidroxidoa
Hidrogenoa + ez metala + oxigenoa Azido oxazidoa
Metala + ez metala + oxigenoa Oxigatza

Kaltzio hidroxidoa

Zementua urarekin nahastean oinarrizko konposatu bat lortzen da: kaltzio hidroxidoa. Konposatu hau izan ohi da eraikin askotan ikus daitezkeen orban zuriak eragiten dituena.

 

Azido sulfurikoa

Azido sulfurikoa (lehen bitriolo olioa deitzen zitzaion) XV. mendean, lehenengo aldiz, Basilio Valentinek egin zuen burdin bitrioloa (sulfuro ferrosoa) harea distilatuz.

Gaur egun, bestalde, azido sulfurikoa erabilera industrial ugaritarako ekoizten da, besteak beste:

· Ongarri kimikoak egiteko prozesuan (superfosfatoak).

· Produktu kimikoak, desinfektagarriak eta koloratzaileak egiteko.

· Plastikoak, lehergailuak eta beste prozesu industrial batzuk egiteko.

 

Estalaktitak eta estalagmitak

Kaltzio bikarbonato ugari duten urek (ur gogorrak) karbono dioxidoa galtzen dutenean, eta hormetako pitzaduretatik eta kobazuloen sabaietatik iragazten direnean, estalaktitak eta estalagmitak sortzen dira. Horiek dira zenbait haitzulotan ikus ditzakegun kristal egitura horiek.