KIMIKA

«« Itzuli

Espektroskopia

Espektroskopia medikuntzan

1946an, AEBetan lan egiten zuten bi zientzialarik, bakoitzak bere aldetik lan eginez, sistema periodikoko zenbait nukleoren propietate magnetikoetan oinarrituriko fenomeno fisiko-kimiko bat deskribatu zuten. Nukleo horiek, intentsitate handiko eremu magnetiko batean sartuta bazeuden, har zezaketen irrati-maiztasunetako energia eta geroago berrigorri. Eremu magnetikoaren intentsitate bakoitzari irrati-maiztasun bat zegokionez, fenomenoari erresonantzia magnetiko nuklearra deitu zioten.

Felix Bloch eta Edward M. Purcell ziren bi zientzialari horiek eta 1952an Nobel saria jaso zuten aurkikuntza horrengatik.

1991n Kimikako Nobel Saria Zurich-eko Richard R. Ernst-i eman zioten, erresonantzia magnetikozko espektroskopiari egindako ekarpenengatik.

Erresonantzia magnetikoaren lehen deskribapenetik ia hogeita bost urtera, New York-eko Unibertsitateko Paul C. Lauterbur Kimika-irakasleak metodo horretan oinarrituriko irudigintza-teknologia bat garatu zuen, hasieran medikuntzan erabili zena, baina gero aplikazio industrialetara ere hedatu zena. Erresonantzia magnetikozko irudigintza zenbait elementuren nukleoak, hala nola hidrogenoarenak, fosforoarenak eta sodioarenak, dituen propietate magnetikoetan oinarritzen da.

Nukleo horiek iman ñimiñoak bailiran portatzen dira eta iparrorratzaren antzera orientatzen dira kanpoko eremu magnetiko baten eraginez. Maiztasun jakineko irrati-uhinak, nukleo horiei dagokien erresonantziako maiztasunekoak, hain zuzen, transmititzen bazaizkio gorputz bati, nukleo horiek energi egoera altuago batera igaroko dira. Behin irrati-transmisorea itzali ondoren, nukleoak energi orekako egoerara itzultzen hasten dira eta irrati-uhinak igortzen dituzte. Kodetutako mezu baten antzera, irrati-uhin horiek ingurune fisiko-kimikoari buruzko informazioa garraiatzen dute. Bigarren eremu magnetiko ahul bat ezarriz, ezagut daiteke nukleoek gorputzean duten posizioa eta haien banaketaren irudi bat sortu, adibidez gaixo baten gorputzarena. X izpiak eta isotopo erradioaktiboak erabiltzen dituzten metodoen aldean, askoz energia gutxiago behar da eta ez zaio gaixoari kalterik egiten.

Erresonantzia magnetikozko espektroskopia da teknika horren oinarria. Hasieran konposatu kimikoen konposizioa laborategian aztertzeko erabiltzen zen, baina gaur egun hainbat arlotan erabiltzen da: Kimikan, Fisikan, Biologian eta Medikuntzan, dela janariak analizatzeko, dela gaixoen metabolismoa aztertzeko, etab. Medikuntzako irudigintzan sekulako aurrerapena izan da garuna, bizkarrezur-muina, muskuluak, eskeletoa, bihotza, odol-hodiak, etab. ikusteko, lehen gorputza irekita bakarrik ikusten zen bezain ondo.

Erresonantzia magneticoa

Sendagilea eta gaixoa erresonantzia egiteko prest