KIMIKA

Ekuazio kimikoak. Kontzeptua, doitzea eta motak

Eguneroko bizitzan egiten ditugun prozesu asko, aire librean dagoen burdina herdoiltzea, erretzen ari dela magnesio zinta batek botatzen duen argitasuna, butanoaren erreketa, xaboia egitea eta abar, erreakzio kimikoak dira; hau da, substantzia bat beste batean transformatzea, eta erabat ezberdinak diren propietateak hartzea. Transformazio horiek zer diren jakin nahian lan egiten dute zientzialariek, kausak eta ondorioak zeintzuk diren, eta euren beharretara egokitu ahal izateko nola alda ditzaketen ezagutu ahal izateko. Hala, gure bizitza maila hobetuko luketen abantailak lortuko lituzkete.

Ekuazio kimikoaren kontzeptua

Erreakzio kimiko bat substantzia baten atomoak, molekulak edo ioiak, gutxienez, beste edozein substantzia kimikoren atomo, molekula edo ioi bihurtzen den edozein prozesu da. Erreakzio kimikoak ekuazio kimikoen bidez idazten dira modu errazago batean.

Erreakzio kimikoetan masaren kontserbazio legea bete ohi da; atomoen berrantolaketa gertatzen da, baina inoiz ez dira sortzen edo suntsitzen. Molekulan atomoen berrantolaketa gertatzen denean, beste substantzia bat sortzen da.

Erreakzio batean transformatzen edo eraldatzen diren substantziei, erreakzionatzaileak edo erreaktiboak deitzen zaie. Erreakzio kimiko batean sortzen diren substantzia berriei produktu deitzen zaie.

Erreakzio kimiko ohikoenetariko bat gas naturalen erreketa da (konposatu nagusia metanoa, CH4, den substantzien nahasketa). Horren ekuazioa honako hau da:

Ekuazioa "berdinduta" dagoela esan dezakegu; hau da, elementu bakoitzaren atomo kopuru bera dago erreakzioan.

Hidrogeno ioduroa.

Ekuazio kimikoen doitzea

Ondorengo ordena jarraitu behar da ekuazio kimiko bat doitzeko:

  • Lehenengo metalen atomoak doitu behar dira, eta astunei lehentasuna eman behar zaie.
  • Jarraian ez metalak doitu behar dira; kasu honetan ere, astunenei eman behar zaie lehentasuna.
  • Beharrezkoa izanez gero, metalak doitu behar dira berriro.
  • Doitzea berrikusi behar da ekuazio horretako hidrogeno eta oxigeno atomoak kontatuz.

Esate baterako, ondorengo erreakzioa doitzeko:

BaCl2 + Na2SO4 ® NaCl + BaSO4
Aipatutako ordena jarraituz:

  • Ba metalarekin hasiko gara, bera baita astunena. Bi ataletan bario atomo bat dagoenez, ez da beharrezkoa hori doitzea. Jarraian ondorengo metala doituko dugu: Na.

    Ezkerreko atalean 2 Na atomo daudenez, 2 zenbakia jarri beharko dugu eskuineko NaCl-ren aurrean. Honela geratuko da:

    BaCl2 + Na2SO4 ® 2 NaCl + BaSO4

  • Jarraian ez metalak doitu behar dira: kloroa (Cl) eta sufrea (S). Biak doituta daudenez lehenagotik, eta bi ataletan oxigeno atomo kopuru bera dagoenez, erreakzioa dagoeneko erabat doitu dugula esan dezakegu.

Erreakzio kimiko motak

Erreakzio kimikoak sailkatzeko modu ugari daude, baina ondorengo hauek dira erabilienak eta garrantzitsuenak:

  • Erreakzio exotermikoak: erreakzio garaian beroa askatzen den erreakzio motak:

    2H2 + O2 ® 2 H2O + 136.000 kaloria
  • Erreakzio endotermikoak: erreakzio garaian beroa xurgatzen den erreakzio motak:

    H2 + I2 + 12.400 kaloria ® 2HI

  • Deskonposizio edo analisiko erreakzioak: substantzia bat bakunagoak diren beste bi substantziatan banatzen den erreakzio motak:

    2HgO ® 2 Hg + O2

  • Konposizioko edo sintesiko erreakzioak: bi edo substantzia gehiago konbinatu (elkartu) egiten dira berri bat osatzeko erreakzio mota hauetan.

    H2 + 1/2 O2 ® H2O

  • Ordezkapen erreakzioak: elementu batek bestea ordezkatzen du molekula batean.

    Fe + CuSO4 ® FeSO4 + Cu

Substantzien egoera

Gehienetan, ekuazio kimikoetan, erreakzionatzaileen eta produktuen egoera fisikoari edo erreakzioaren baldintzei buruzko informazioa jartzen da. Substantzien egoerak parentesi artean jartzen dira, ekuazioaren ondoan.

(g) gasentzat

(l) likidoentzat

(s) solidoentzat

2HgO(s) ® 2Hg(l) + O2(g)

 

Talken teoria

Talken teoriari esker erreakzio kimikoak nola gertatzen diren ikas daiteke. Bi substantziek erreakzionatu dezaten, euren molekulek talka egin behar dute, eta printzipio horretan oinarritzen da teoria hori. Talka horietan atomoen arteko loturak hautsi eta molekulak deusezten dira. Jarraian atomoengandik askatzen dira, eta azken horiek beste atomo batzuekin lotzen dira molekula ezberdinak osatzeko.