KOMUNIKABIDEAK

«« Itzuli

eitb24.com-ek zilarrezko domina bi eskuratu ditu Horizon Interactive Awardsen

eitb24.com-ek zilarrezko domina bi eskuratu ditu Horizon Interactive Awardsen

2008/05/06

eitb24.com-en "Guernica 1937-2007" izeneko Multimedia Bereziak sariak jaso berri ditu AEBetan. Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrenaren harira sortutako Multimediak bi zilarrezko domina eskuratu ditu "Horizon Interactive Awards" sarien 7. ekitaldian.

"Medio interaktiboen ekoizpena" saritzen dute golardo horiek. Kategoria desberdinetan banatuta, ehunka lan aurkeztu zituzten mundu osoan ezagunak diren enpresek; Mercedes Benzek, Xeroxek, Dolce Gabannak, Fordek, Samsungek, Adobek, Nikek, Reebokek, HPk, AOLek eta Sonyk, besteak beste.

Flash formatuan argitaratutako lanen atalean eta magazine-albisteak arloan izan da saritua Gernikaren Multimedia Berezia.

AEBetatik, Kanadatik, Britainia Handitik, Australiatik, Hegoafrikatik, Brasildik eta Turkiatik joandako diseinu eta teknologia berrien arloetako sona handiko profesionalek osatzen zuten epai-mahaia. Gainera, erabaki horiek erabiltzaile ez profesionalen iritzien panel batekin osatu dituzte, produktuaren azken kontsumitzailearen ikuspuntua gehitze aldera.

Sariak emateko irizpide nagusia sormena eta funtzionaltasuna uztartzeko gaitasunean datza. Horretarako, originaltasuna, erabiltzailearen esperientziaren eta diseinuaren arteko uztardura, mezuaren komunikazioa, meritu teknikoa eta jarritako irtenbideen eraginkortasuna hartzen dira kontuan.

"Horizon Interactive Awards"-etako lehenengo sari nagusia "Xerox Global Services XGS Tour" lanari egokitu zaio. Tenesseeko (AEB) N-Tara agentzia interaktiboak egindako lana saritu dute.