KOMUNIKABIDEAK

«« Itzuli

Inoiz baino partehartze handiagoa El Sol publizitate jaialdian

Inoiz baino partehartze handiagoa El Sol publizitate jaialdian

2008/05/29

El Sol Publizitate Komunikazioaren Jaialdi Iberoamerikarra gaur hasiko da Donostiako Kursaalen "Sormenak saltzen du" lelopean. Parte-hartzaile kopuruari dagokionez, errekorra ondu dute aurtengoan, 18 herrialdetako 3.744 lanekin.

Carlos Martinez-Cabrera jaialdiaren zuzendari berriak eta Carlos Rubio gerenteak eman dituzte XXIII. edizioaren xehetasun guztiak.

Azaldu dutenez, aurkeztutako lanen %39 Espainiako Estatutik kanpoko publizitate kanpainak dira. Horren harira, Paraguay eta Costa Rica batuta, 18 dira herrialde partehartzaileak.

Hala ere, Espainiako Estatutik etorritako lanak izango dira gehienak, 2.278 hain zuzen; gero Argentina eta Brasil egongo lirateke, 520 eta 228rekin, hurrenez hurren.

Aurkeztuko dituzten 3.744 lan horietatik, %46 atal grafikoko eguzki bat eskuratzen saiatuko da, %17 telebista eta zineman, eta %11 euskarri interaktiboetan, hala nola, webguneetan egindako ekintza publizitario edo iragarkiak.

Martinez-Cabreraren arabera, izango den parte-hartzeak "agerian uzten du komunikazio publizitarioak duen garrantzia ekonomia arazoek eragindako egoera zail honetan". Era berean, adierazi duenez, "egoera honetan indartu behar da sormena marka baten salmentak hazteko". Ohiko ataletaz gain, aurtengoan Harreman Publikoak eta Ekoizleak egongo dira, horietan 39 eta 48 lan aurkeztuko dituztelarik.

Iragarkiak aurkezteaz gain, komunikazioaren inguruko hitzaldiak ere egongo dira El Solen. Hala, eztabaidak ere izango dira, "Publizitatea genero indarkeriaren kontra" izenburupekoa kasu.