KOMUNIKABIDEAK

«« Itzuli

Tu Vista de Euskal Herria saio berria estreinatuko du ETBk igandean

<em>Tu Vista de Euskal Herria</em> saio berria estreinatuko du ETBk igandean

2008/06/03

Euskal Telebistak Tu Vista de Euskal Herria estreinatuko du igande honetan 22:00etan ETB-2n. Four Luck Banana produkzio-etxeak Gromazen laguntzaz ETBrentzat egindako saioa da eta Ingalaterrako ITV kateak 2007 urte amaieran emititutako Britain's Favourite View saioan oinarrituta dago.

Tu Vista de Euskal Herria Africa Baetak aurkeztuko du eta sei saioz eta final handi batez egongo da osatuta. Hasierako sei ataletan, Euskal Herriko 24 pertsona ezagunek euren toki eta ikuspegi gogokoenak erakutsiko dituzte.

Saio bakoitzean lau lagunek Euskal Herriko toki bat aukeratu eta bidaia egingo dute; bertako txokorik ederrenak bisitatuko dituzte, historiaz beterikoak, eurentzako bereziak direnak, haurtzaroko oroimenak eta bizipenak gordetzen dituztenak.

Inguru horietatik ibilalditxoa egin ondoren, protagonista bakoitzak bere bistarik gogokoena erakutsi eta ikusleen botoa eskatuko du ikuspegi onena bezala aukeratu dezaten. Aste osoan zehar publikoak saio bakoitzeko lau ikuspegietatik bat aukeratu eta haren aldeko botoa eman ahal izango du sms bat bidaliz edo Interneten bitartez. Botorik gehien jasotzen dituen txokoa finalera pasatuko da. Hartara, 24 ikuspegietatik 6 final handian izango dira. Final hori zuzenean emitituko da eta bertan ikusleek erabakiko dute zein den Euskal Herriko bistarik onena.

Programan parte hartuko duten pertsonetako batzuk dira Gorka Landaburu kazetaria, Mikel Erentxun abeslaria, Ana Urrutia aurkezle eta surflaria, Jose Luis Korta arraunlaria, Julian Iantzi telebistako aurkezlea, Nestor Basterretxea eskultorea, Daniel Calparsoro zinemagilea, Josune Bereziartu eskalatzailea, Kepa Junkera musikaria eta Igor Yebra dantzaria.