«« Itzuli
Egin egunkariaren itxiera gogoratuko dute hilaren 12an Hernanin, 10. urteurrenean

2008/07/02
Egin egunkaria eta Egin Irratia itxi zituztela gogoratzeko ekitaldia antolatu dute langile ohiek Hernanin (Gipuzkoa) uztailaren 12an. Izan ere, hilaren 15ean hamar urte beteko dira bi medioak itxi zituztela.
Itziar Arteaga kazetariak eta Jon Maia bertsolari eta Egin-eko kolaboratzaile ohiak prentsaurrekoa eman dute Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean ekitaldiaren berri emateko.
Maiak agertu duenez, bi hedabideen aurka egin zutenean "askatasunaren adierazpidea itxi egin zen", hori baitzen Egin. Era berean, hedabide horietako kazetarien kartzelatzea ekarri du gogora.
Hilaren 12an Hernaniko kiroldegian egingo duten ekitaldian egunkari eta irratiko langile ohiak, kazetariak, kolaboratzaileak eta bertsolariak bilduko dira.
Gainera, egin10.info blogaren berri eman dute prentsaurrekoan. Egin-eko langile ohiek sortutako webguneak herritarrentzako bilgune bilakatu nahi du.
