«« Itzuli
Berrikuntza eta sormena bultzatzeko ituna sinatu dute Innobasque eta EITBk

2008/07/24
Innobasquek eta EITBk itun-akordioa izenpetu dute bi erakundeok berrikuntza eta sormena beren eremu guztietan indartzeko, bereziki gazteen artean.
Pedro Luis Uriarte, Innobasqueko lehendakaria, eta Juan Diego, EITBko Estrategia-zuzendaria, izan dira izenpetze-ekitaldiaren buru. Izenpeturiko akordioaren helburua bi erakundeon arteko lankidetza-esparrua ezartzea da.
EITB eta Innobasqueren artean gerora gauzatzeko jardueren Plan Gidatzailea garatzen du testuak. Plan Gidatzaile honetan sartutako proiektuak hainbat eremutan kokatzen dira: adibidez, gizartearen informazioa eta sentiberatzea, eta hor unean uneko ekintzak egiteaz gain, komunikaziorako eraginkortasun-irizpide berriak ezarriko dira, baita ere sare eta harreman-trukea, berrikuntzari buruzko edukiak jendartean zabaltzeko formatu berriak, eta berrikuntza-kazetaritzan profesionalak prestatzeko programak.
Indartu nahi den gune bereizgarrietako bat haur eta gazteenganako orientazioa da, batez ere balioen transmisiorako, eta gizarte, kultura eta ekonomiaren arloan dauden erronka berrien araberako gaitasunak garatzea. EITBk baditu: haurrentzako elkarte bat (Betizu Kluba), 80.000 haur baino gehiago biltzen dituena; gazteentzako irratia; eta interneten kanal bat haurrentzat eta beste bat gazteentzat, hilero milioi bat orrialde baino gehiago ikusten dituztelarik. Urrian hasiko da emititzen ETB3, telebista digitaleko kanal berria, bereziki haur eta gazteentzat dena. Gainera, irailean, atari berria (Eitb.com) abiaraziko du indartsu interneten, eta hor gune egokiak sortuko dira sareen kudeaketarako.
Akordio honen apustu nagusietako bat datorren urterako zera da: 2010. urterako Berrikuntzaren eta Sormenaren Nazioarteko Saria sortzeko elkarrekin lan egitea. Horretarako, lan egingo dute 2009an lehen mailako ekitaldi bat diseinatzen -Basqueinnopolis-, nazioarteko arreta apustu handi honetara erakartzea lortzeko. 2009ko urtarrilaren bukaeran egingo den ekitaldi honetan Nazioarteko Sariaren sorrera iragarriko da, eta lehen edizioa 2010eko udaberrian izango da.
