«« Itzuli
Canal Vascok arrakasta handia izan du Txileko aurkezpenean

2008/08/01
200 enpresari inguru, gehienak jatorriz euskaldunak, lagunartean bildu ziren Santiagoko San Cristobal Polo eta Ekitazioko Klubean Canal Vascoren aurkezpenerako. Jose Felix Azurmedi EiTB Nazioarteko zuzendaria, Jon Erdozia Eusko Jaurlaritzak Txilen duen Delegatua eta Alejandro Sande Hitschfeld Emprebaskeko presidentea izan ziren proiektuaren azalpenak eman zituztenak.
Canal Vasco Txilera iritsi izana Euskadiko Irrati eta Telebista taldeak eta GTD Manquehue enpresa txiletarrak sinatu duten akordioari esker gauzatu da.
Azken enpresa horrek telebistako programazio osatua eskaintzen du punta-puntako teknologia erabilita.
Fernando Soro GTDko zuzendariak Canal Vascok eskaintzen duen programazioaren kalitatea azpimarratu zuen eta euskal jatorria duten ikusleez gain, beste asko erakarriko dituela aurreikusi zuen.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Txilen duen Delegatuak, Jon Erdoziak, bertaratutako gonbidatu guztiei eskerrak eman zizkien Canal Vasco bezalako hedabide bati hain harrera ona egiteagatik.
Gainera, Euskadi bitartekaririk gabe aurkezteko aukera paregabea dela azpimarratu zuen.
"Urrats garrantzitsua eman dugu eta presarik gabe baina lanean urratsak ematen jarraitzeko asmoa dugu" azaldu zuen Erdoziak.
Jose Felix Azurmendi EITBko Nazioarteko zuzendariak, berriz, "Fernando biei" GTDko (Fernando Soroa eta Fernando Gana) eman dizkie eskerrak.
Izan ere, Azurmendik esan du eurei zor zaiela hain epe laburrean horrenbesteko lana egin izana, batez ere, kudeaketako beste enpresekin lortu dituzten akordioak.
Hala, Azurmendiak azaldu zuen, Canal Vascok hiru zutabe nagusi izango dituela; informazioa, entretenimendua eta kultura eta kirolak, alegia.
Ekitaldian Eusko Etxeako zuzendaritzakoak eta bertako abesbatza egon ziren. Abesbatzak, ohiko Agur Jaunak! Kantuarekin agurtu zituen bertaratutako gonbidatuak.
