«« Itzuli
Barne produkzioa da nagusi ETB-1eko ordutegi nagusian

2008/09/15
ETB-1ek 2008/2009 ikasturte honetarako programazio berria aurkeztu zuen ostiralean Donostiako Aquariumean. Bingen Zupiriak hartu zuen hitza denboraldi berriaren ildo nagusiak azaltzeko, eta esan zuenez, "barne produkzioa gailentzen da telebista urte honetan programazioan gaueko ordutegi nagusian".
Nobedade garrantzitsuak ezagutarazi zituzten, haien artean, urrian egingo den ETB-3 telebista kate berriaren aurkezpena, gazteak, kultura eta euskara ardatz izango dituen katea, alegia. Egun ETB-1en ematen diren hainbat saio ETB-3n aurkeztuko dira aurrerantzean. Haien artean, EiTB Kultura, Sautrela, Hitzetik Hortzera, eta Teknopolis. Gaztea eta Betizu ere lurralde telebista digitaleko euskarazko kate berrian eskainiko dira urritik aurrera.
Udazken Loreak saioari buruz ere mintzatu zen Zupiria. Hilaren 28tik aurrera ikusi ahal izango dugun saioan, astero Euskal Herriko baso batera egingo dute txangoa protagonista ezberdin batekin, birekin edo akaso lagun koadrila batekin. Saio bakoitzean lortutako perretxikoekin, jatetxe baten egingo dute bazkaria, ikusleari perretxikoak sukaldatzeko modu ezberdinak erakusteko.
Gaztiek asko dakie eta Go!Azen saioak
Gazteentzako eskaintza berriak ezagutarazi zituen ETB-1ek ostiraleko agerraldian.
Batetik Gaztiek asko dakie saio berria. Irailaren 26an estreinatuko den saioa ostiral gauetan eskainiko du kate euskaldunak. Helduen mundua haurren ikuspegitik jasotzea da saioaren helburua, eta horretarako, 6-12 urte bitarteko umeei kamerak eman dizkiete beren iritziak eman ditzaten.
Bestetik, Go!Azen izeneko saioa, azarorako prest egongo den pelikula musikala. Apaiz batzuek zuzentzen duten diziplina zorrotzeko udaleku batean gertatzen da istorioa eta bertan dauden 16 bat urteko neska-mutilen abenturak biltzen ditu musika eta koreografiak oinarritzat hartuz.
Goenkale eta Bi errepidean
Aurtengo programazioan arraldetarren abenturak ikusten jarraitzeko aukera izango dugu, astelehen eta astearteetako gauetako programazioa beteko du Goenkale saio ezagunak.
Irailaren 22tik aurrera, eta astelehenero, Bi Errepidean saioa izango da ikusgai. Urko Aristi eta Alex Sarduik gidatutako saioan, pertsonaiei emango diete garrantzi gehien.
Asteazken gauak Kalaka saioak beteko ditu. Xabier Euzkitzek aurkezten duen saioko platoa guztiz berritua ikusi ahal izango dugu Irailaren 17tik aurrera.
Ostegunetan Estitxu Fernandezen eskutik Mila Begi dago ikusgai dagoeneko. Urtean zehar ETB-1en ikus ahal izan diren erreportaje eta dokumental interesgarrienak eskainiko ditu ETB-1ek.
Ordu Txikitan, Mikel Elizegik aurkezten duen saioak prest ditu dagoeneko bere zazpi kazetari gazte eta zorrotzak urriaren 4an martxan jartzeko.
Andoni Aizpururen Horrelakoa da Bizitza magazina ere urritik aurrera egongo da ikusgai.
Angel Alkain eta bere taldea urtarrilean itzuliko dira programaziora Brinkola saioarekin. Umorez beteriko telesaila dakarkigute Asier Altuna eta Telmo Esnalen gidaritzapean.
Gaur Eguneko aurpegiak
Maribel Aizarnak Xabier Usabiaga izango du lagun eguerdiko Gaur Egun albistegian. Kirol taldea utzi eta albiste orokorrak aurkeztera pasako da Usabiaga aurrerantzean.
Zinemari dagokionez, estreinaldi bikainak iragarri ditu ETB-1ek.
