«« Itzuli
ETB-1ek Donostiako Zinemaldiko hasiera ekitaldia zuzenean eskainiko du gaur

2008/09/18
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 56. Edizioari buruzko jarraipen zabala egingo du EiTBk gaur hasita. 2008. edizioari hasiera emateko saioa zuzenean eskainiko du ETB-1ek gaur, Kursaaletik, 20:00etatik aurrera. Edurne Ormazabal eta Belen Ruedak aurkeztuko dute ekitaldia.
Donostia Sariak ere ikusi ahal izango dira ETBn; bihar Antonio Banderas aktoreak jasoko du eta irailaren 26an, berriz, Meryl Streepek. Irailaren 27an aurtengo Zinemaldiari agur esateko ekitaldia ere eskainiko du ETB-1ek.
Gaur Egun eta Teleberri albistegien edizio guztietan nazioarteko zinema jaialdi horri tarte berezia eskainiko diote. Ekitaldiak izaten diren tokiekin ere konexioak egingo dituzte zuzenean eta erreportaje zabalak prestatuko dituzte. Pilar Insausti, Marina Etxezarreta, Laida Basurto, Andrea Arrizabalaga eta Maider Arteaga kazetariek bertatik bertara informatuko dute.
Iñaki Lopezek eta Adela Gonzalezek arratsaldero ETB-2n gidatzen duten Pásalo magazinak ere Donostiarekin konexioa egingo du Zinemaldiaren inguruko informazioa luze eta zabal emateko. Erreportaje ugari eskaintzez gain, protagonistak elkarrizketatuko dituzte. Bestalde, Zinemaldiko alderik ezezagunenak erakutsiko dituzte.
EiTB Kultura saioak aurtengo Zinemaldian estreinatuko den euskal zinean jarriko du arreta. Gorka Merchan zinegilearekin solastatuko dira, La casa de mi padre film luzearen inguruko xehetasunak ezagutzeko.
Bestalde, Euskal Telebistak Donostia Sariekin bat egingo du. Hilaren 19an Antonio Banderas aktorea omenduko dute eta 26an, berriz, Meryl Streep aktore ezaguna.
ETBk eskainiko duen informazio zabalaz gain, irratiek ere bat egingo dute Zinemaldiarekin, bai Euskadi Irratiak eta bai Radio Euskadik tarte zabala eskainiko diote programazioan Donostiako Zinemaldiari. Eitb24.com-ek ere Zinemaldiaren jarraipen berezia egingo du bederatzi egun hauetan.
(Argazkia: www.sansebastianfestival.com)
