KOMUNIKABIDEAK

«« Itzuli

EiTBk hankaz gora ipiniko du Interneten daukan presentzia

EiTBk hankaz gora ipiniko du Interneten daukan presentzia

2008/09/22

Euskal Irrati Telebista (EiTB) komunikazio taldeak hankaz gora jarriko du Interneten duen presentzia.

Marka bakar batez egingo du, eitb.com-en guztia bilduz. Entretenimendua, informazioa eta zerbitzuak bilduko dituen atari nagusia. Horren guztiaren berri eman zuen joan zen ostiralean, irailaren 19an, Bilboko EiTBren Egoitza Digitalean.

Ekitaldian, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Juan Diego EiTBko Estrategia eta Interneteko zuzendariak eta Miguel Reina Expressiveko zuzendari komertzialak hartu zuten parte. Aurkezpen horretan, halaber, Multibox areto berria ezagutzera eman zen. Laurehun lagunentzat lekua duen gunea da, eta denetariko ekitaldiak egiteko prestatuta dago.

EiTBko presentzia Interneten hankaz gora jartzearen lehen arrastoa eitb.com-eko logotipoan ikusiko dugu. ("i" hizkia, "!" harridura-marka bilakatzen da). Halaber, webgune berriaren irteera kanpainan ere egongo da: kanpainaren gai nagusia guztiari buelta ematea baita.

Hasi berri dugun aste honetatik aurrera probatan egongo da eitb.com berria. Lehenengo esparru mugatuan egingo dira probak eta ondoren guztiei zabalik. Hartara, hasiera-hasieratik, erabiltzaile guztiek parte hartzaile eta protagonista izango dira. Atariaren inguruko iritziak eman ahal izango dituzte eta hobekuntza eta aldaketak proposatu.

Urriaren 10ean, jarriko da ofizialki eitb.com berria abian. Era horretan bat egingo du EiTB taldeak egun horretan egingo duen ospakizun handiarekin: ETB-3 katea martxan jarriko da, Radio Euskadiko 25. urtemugaren amaiera ekitaldia izango da, eta EiTBko beste hedabide guztien denboraldi hasiera ere ospatuko da.

eitb.com berria, atari handi bat izango da. EiTB taldeko edukiak baino askoz ere eduki gehiago bilduko dituen ataria. Eduki propioak ere indartuko dira eta aukera handiak eskainiko dituen atea izango da: interaktibitatera, parte hartzera, era guztietako gai eta istorioen gunera, merkataritza elektronikora, sorpresatara eta era guztietako emoziotara eramango gaituen atea.

Horrez, gainera, atari berriaren ezaugarri nagusiak honako hauexek dira: izaera multimedia, interaktiboa, unibertsala, berehalakoa, teknologikoki aurreratua eta pertsonalizatu eta egokitu ahal dena.