Hedabideen historia laburra
Gaur egungo kazetarien aurrekaria ere Erroman aurki dezakegu. Subrostani izeneko gizonek albisteak saltzea edo informazio sentsazionalistak sortzea zuten bizibide. Erdi Aroan ugari zeuden oharrak deiturikoak. Eskuz idatzitako orri solteak ziren, sinadurarik gabeak, eta hiriaren izena eta data zeramatzaten. Bertan, itsasontzien joan-etorrien eta marinelen eta erromesen berri ematen zen. XV. mendean, eskuz idatzitako orriak desagertu eta argitalpenak maizago egiten hasi ziren inprentari esker.
Letra inprimatua hedabideetan zaharrena dugu. XV. mendean, inprenta agertu zenean, ordu arte eskuz idatzitako orri solteetan edo itsu-kanta ezagunetan agertzen zen informazioa inprimatzen eta moldatzen hasi ziren, baita urrunago hedatzen ere.
Prentsa, irratia eta telebista
Aurrerapen teknologikoei esker (linotipia, berunezko plantxak, offseta, inprimatze jarraitua eta laserra), egunkariek diseinu berezia bereganatu dute, adierazpen elementuak (letra inprimatua, argazki finkoa, ilustrazioa eta maketazioa) baztertu gabe.
Lehenengo egunkariak azaldu zirenean argi ikusi zen zenbateko ahalmena zuten gizartean iritzi-egoerak sortzeko. Hala ere, irratia eta telebista agertu zirenean soilik lortu zuten hedabideek gizartean benetako indarra izatea, masen hedabideak izatea, alegia, gizartearen interesak bideratu, gidatu eta haietan eragiteko ahalmena lortu baitzuten.
Hedabideek duten eragina
Hedabideak talde multinazionalen baitan daude, eta hauek nazioarteko botere politiko eta ekonomikoari lotuta. Gertakari politiko eta sozialetan eragina dute, tokian tokiko eremuetan zein eremu zabalagoetan. Eragin horren ondorio dugu gizarte mediatikoa.
Komunikabideen boterea norainokoa den erakusten duen adibide garbia eta, aldi berean, kezkagarria 1938an gertatu zen, Halloween egunean. Egun hartan, Munduen arteko Gerra H.G. Wellsen eleberrian oinarrituta Orson Wellesek egindako antzezpena eman zuen New Yorkeko RKO irratiak. Kontakizunean, Marteko izakiek Lurrari eraso egiten zioten. Eleberri horri buruzko irratsaioa fikzio hutsa zela adierazi bazuten ere, entzule gehienek benetako egoera zela uste izan zuten, eta hainbat herritan ebakuazioak egin zituzten. Larrialdietarako zerbitzuek gainezka egin zuten, eta zerbitzu publikoetan kolapsoak izan ziren nagusi.
