Zer da?
Eguneroko informazioa kaleratzen duten kazetak dira prentsa idatziaren barnean hedapen handiena daukatenak. Goizero (kasu batzuetan, arratsaldero), kaleratzen dira eta denetariko gaiak lantzen dituzte: politika, gizartea, kirolak, kultura eta abar.
Horrez gainera, astean behin, hilean behin edo denbora tarte handiagoa utzita kaleratzen diren berripaper ugari daude. Horietako asko gai jakin bati buruz aritzen dira, hala nola medikuntzari, motorrari, mendiari, naturari eta zinemari buruz.
Formatuak
Berripaperaren neurria kontuan hartuta, lau dira prentsa idatziaren formatu ohikoenak:
- Izara formatua (broadsheet): 60 x 30 zentimetroko neurriak ditu, gutxi gorabehera. Izen handiko egunkari gehienek erabili izan duten formatua da, baina gaur egun neurri txikiagoak hartzen ari dira.
- Tabloide formatua: 38 x 30 zentimetro neurtzen dituen kazeta da. Hasieran, egunkari sentsazionalistek erabili zuten, nahiz eta orain zabalduagoa dagoen. Espainiar Estatuan egunkari gehienek erabiltzen duten formatua da.
- Berliner formatua: 47 x 30 zentimetroko kazeta. Gaur egun, Le Monde, La Vanguardia eta The Guardian egunkariek erabiltzen dute.
- Aldizkari formatua: neurri txikiena da. Aldizkariek erabili ohi dute normalean.
Generoak
Gure inguruan gertatzen dena hedabide baten bitartez kontatzeko erabiltzen den idazkera moduari egiten diote erreferentzia kazetaritzako generoek. Ez dira soilik prentsa idatziaren ezaugarria, telebistan eta irratian ere antzeko generoak daude.
Normalean, hiru kazetaritza-genero bereizten dira: informatiboa, iritzia eta interpretazioa. Izenak dioen bezala, informatiboaren helburua gertaerak kontatzea edo deskribatzea da. Albisteak eta erreportaje informatiboak dira horretarako erabiltzen diren tresnak.
Iritziari dagokionez, bi testu mota bereizten dira: iritzi-artikuluak eta editoriala. Lehenengoan, kazetari ezagunek edo pentsalariek gai bati buruz duten iritzi propioa azaltzen dute. Bigarrena, aldiz, egunkariaren beraren iritzi-artikulua da.
Azkenik, interpretazio-generoak informazio soila eta iritzia uztartzen ditu. Kronikak, interpretaziozko erreportajeak eta elkarrizketak sar daitezke genero honen barnean.
